Barakaldoko Zuazo taldeak 26 eta 25 irabazi dio Donostiako Super Amara Bera Bera taldeari Emakumezkoen Euskadiko Eskubaloi Kopako finala. Olaizaga kiroldegiko harmailak zalez beteta jokatu dute partida Espainiako Ohorezko Senior Mailan diharduten bi taldeek.
Batak zein besteak aise irabazi zituzten atzo finalerdietako kanporaketak, baina gaur bi taldeen arteko parekotasuna izan da nagusi. Zuazok hobeto ekin dio partidari eta aurrea hartu du erasoko jokoan zein markagailuan, gol gutxiko aldea izan bada ere uneoro. Hiru goleko aldeaz (15-12) ailegatu dira atsedenaldira bizkaitarrak. Bigarren zatian erasokorrago atera dira kantxara donostiarrak eta lortu dute markagailua estutzea. Azken minutuetara berdinduta ailegatu dira, baina 25na zihoazenean gola sartu du Zuazok. Berdinketa lortzeko aukera izan du Bera Berak, baina falta gogor batekin -2 minutuko zigorra jaso du- eten du kontraerasoa Zuazoko jokalari batek partida amaitzeko segundo bat falta zenean. Falta atera duten arren, ez dute jokaldia osatzeko astirik eduki.
Hala, elkarren aurka jarraian jokatzen zuten finalean lortu du estreinako garaipena Zuazok.
Izan ere,
Bera-Bera Donostiako eskubaloi taldea da txapelketa honetako dominatzaile nagusia. Zazpi alditan (2009, 2011, 2012, 2014, 2015, 2016 eta 2017an) irabazi du 2009tik antolatzen duten txapelketa, azken laurak jarraian. Zuazok 2010. urteko edizioa ere irabazia zuen. Kukullaga da txapelketa irabazi duen hirugarren taldea.