Javier Varona arkulariak irabazi du Gipuzkoako Aretoko Txapelketa

Barren.eus 2017ko abe. 20a, 09:56

Gipuzkoako Aretoko 27. Arku Tiraketa Txapelketa jokatu zuten domekan Beasaingo Antzizar kiroldegian. Arku tradizionaletan Zartako Javier Varona izan zen onena eta hirugarren postua lortu zuen Hugo Sierra elgoibartarrak.

Gipuzkoako arku tiratzailerik onenak batu ziren domekan Beasainen, neguko edo indoor txapelketa jokatzeko. 46 arkulari aritu ziren lehian Antzizar kiroldegiko kantxan, Gipuzkoako Federazioak eta Beasaingo Igartza Arku Tiraketa taldeak antolatu zuten txapelketan. Olinpiar arkuan, Mirene Etxeberria eta Asier Fernandez gailendu ziren; arku konposatuan Endika Garcia, eta tradizionalean, Javier Varona Elgoibarko Zarta taldeko kidea. Zartako beste kide bat, Hugo Sierra, igo zen podiumeko hirugarren koxkara. 

Parte hartzaileek bi serietan, hogeita hamarna gezi bota zituzten 18 metrora zegoen diana jotzeko. Zartako kideek azaldu dutenez, "maila ona" izan zuen txapelketak eta zeukaten onena ematera behartu zituzten aurkariek.

Javier Varona egundoko denboraldia egiten ari da aurten. Gipuzkoako basoko arku tiraketa txapelketa irabazi zuen joan den irailean Oñatin, eta Euskal Herriko Arku Tiraketa Txapelketa irabazi zuen ekainean, Mintxetan jokatu zen lehian.