Mugertza krosari buruzko marrazki lehiaketa antolatu dute aurten ere

Barren.eus 2017ko abe. 15a, 15:14

Elgoibarko Udaleko Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Mintxeta Atletismo Taldeak 6 eta 12 urte bitarteko herriko umeentzako “LXXV. Juan Muguerza Krosa 2018” III. Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Lanak 2018ko urtarrilaren 5a baino lehen entregatu beharko dira.

Mugertza krosari buruzko marrazki lehiaketa antolatu dute Udalak eta Mintxetak hirugarrengoz. Aurtengo gaia, nola ez, Juan Muguerza Nazioarteko Krosaren 75. urteurrena izango da. Lanak 2018ko urtarrilaren 5a baino lehen entregatu beharko dira Udaleko Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailean. 

Marrazkiak 220 x 300 milimetroko (DIN A4) lamina normalizatuetan aurkeztu beharko dira (paperean edo kartulinan) eta teknika librea izango da, hots, kolorezko arkatzak, errotuladoreak, tintak, akuarelak, collagea etab. erabili ahal izango dira. Partaide bakoitzak, gehienez lan bat aurkeztu ahal izango du. Aurkeztutako lanen aukeraketan adina eta ikasketa maila izango dira kontuan: 1- Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak. 2- Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak. 3- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak.
Sari banaketa urtarrilaren 13an
Epaimahaia Mintxeta Atletismo taldeko kide batek, Udaleko Haurren eta Gazteen Sustapeneko Teknikariak eta Ludotekako Koordinatzaileak osatuko dute. Maila bakoitzean bi sari banatuko dira, herriko kirol dendetan erabiltzeko erosketa txartelak, hain zuzen ere. Sari banaketa 2018ko urtarrilaren 13an izango da, 13:00etan, Udaletxe azpian, goizean, 10:30etatik 13:00era ospatuko den Eskola Kiroleko Atletismo Festa bukatu ondoren. 2018ko Juan Muguerza Kroseko korrikalarien aurkezpena arratsaldean izango da, 19:30etan, udaletxeko pleno aretoan. Saritutako marrazkiak Olaizaga Kiroldegian egongo dira ikusgai, urtarrilaren 29tik otsailaren 25era bitartean. Informazio gehiagorako Gazteria Sailera idatzi (gazteria@elgoibar.net) edo deitu (943 74 10 50)