Espainiako Kirol Batzorde Gorenean egin zioten mediku azterketa batean bihotzean anomalia bat atzeman zioten Gaizka Loiolari eta ebakuntza egin beharko diote. Urte osoa denboraldia prestatzen eman ostean jaso du berria Loiolak, Itsuentzako Kirolen Espainiako Federazioaren taldearekin Austriara nazioarteko lehiaketa batera joatera zihoan unean, hain justu ere (goiko argazkian). Hurrengo hiru hilabeteetan atseden hartu beharko du eta galdutzat eman du eski denboraldia. Edonola ere, ebakuntzaren ostean kirol lehiara "normaltasun osoz" itzuli ahal izango duela zehaztu du.
Azken egunetan jaso dituen babes eta animo mezu guztiak esker onez jaso dituela adierazi du elgoibartarrak sare sozialen bidez. "Lasai nago eta berriz entrenamenduetara itzultzeko mentalizatuta, lehen baino indar eta motibazio handiagorekin. Azken bi urteak oso txarrak izan diren arren, egoera guztietatik ikasten da zerbait, eta hortaz, indarberrituta eta gerra ematen jarraitzeko prest itzuliko naiz".