Juan Mugertzaren argitaratu gabeko argazkiarekin osatu dute 75. Mugertza kroseko kartela

Barren.eus 2017ko abe. 11a, 13:56

Juan Muguerza Nazioarteko krosaren kartela aurkeztu du Mintxeta atletismo taldeak. 75. urteurrena ospatzeko argazki berezia aukeratu dute kartelerako, krosari izena ematen dion Juan Muguertza Sasieta ageri da argazkian, 1919an Tolosan irabazi zuen lasterketa batean.

Martin Ricardo argazkilariak Juan Mugertzari 1919. urtean ateratako argazkiak iragarriko du Juan Muguerza Nazioarteko krosaren 75. ekitaldia. Mintxeta atletismo taldetik jakinarazi dutenez, inoiz argitaratu gabeko argazkia da. "Ez dago omenaldi hoberik krosari izena ematen dion gizonarentzako", esan dute eta honakoa gaineratu dute: "Mintxeta Atletismo Taldean, gogoz eta bihotzez lanean dihardugu, 2018ko urtarrilaren 14ean inor falta ez dadin. Zuen zain gaude!".

Aurten mendeurrena ospatzen diharduen C.D. Elgoibarrek antolatu zuen Mugertza krosa lasterketa estreinakoz 1943an, Juan Mugertza antxitxikari elgoibartarraren omenez. Mugertza 1900. urtean jaio zen eta 36ko gerran hil zuten, Mungiatik gertu izan zen bonbardaketa batean, 1937ko maiatzaren 5ean. Bizitza laburra izan zuen arren, hamabi aldiz irabazi zuen Espainiako txapelketa eta gaur egun horren ezaguna den Behobia Donostia lasterketako lehen irabazlea ere bera izan zen, 1919. urtean.

Lotura duten albisteak: