Lutxo Iturrino mutrikuarrak ibilbide oparoa izan zuen goi mailako futbolean. Hamahiru denboralditan 262 partida jokatu zituen Lehen Mailan, Realarekin eta Athleticekin, besteak beste. 37 urterekin laga zion futbolean jokatzeari eta entrenatzaile lanetan aritu da azken urteetan. Arlo honetan ere esperientzia handia pilatu du, ume eta gazteen taldeak entrenatzen bereziki. Aurrera de Ondarroa, Athleticeko kadeteen taldea, S.D. Eibarreko umeen taldeak edo Mondra entrenatu izan ditu, azken hori Ohorezko Erregional Mailan. 2013-2014 denboraldian Eibarko Urko taldearen jubenilen taldea entrenatu zuen Ohorezko Jubenil Mailan, eta 2015-2016 denboraldian Basauritarrak taldeko jubenilen entrenatzailea izan zen Ohorezko Maila Nazional indartsuan.