Imanol Albizu 'Goikoetxe' Gabonetako Harrijasotze Kopatik kanpo gelditu da

Barren.eus 2017ko abe. 4a, 15:12

Zazpi urtean harrijasotzea lagata izan ostean, orain urtebete ekin zion berriro prestatzeari Imanol Albizu Goikoetxek, Elgetan bizi den Idotorbe auzoko harrijasotzaileak. Joan den zapatuan, Gabonetako Harrijasotze Kopako kanporaketan lehiatu zen, baina ezin izan zuen finalerdietarako sailkatu.

Gabonetako Harrijasotze Kopako kanporaketa jokatu zuten zapatuan Elgetako frontoian. Imanol Albizu Goikoetxe elgoibartarrak, Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarrak eta Orioko Gorka Etxeberriak neurtu zituzten indarrak; eta, lehia estua izan ostean, Peñagarikanok lortu zuen finalerdietarako sailkatzea, Goikoetxeri lau jasoaldiren aldearekin irabazita. 

Bina minutuko hiru saio egin zituzten. Lehenengoan –zilindriko zaharrarekin egindakoa– Imanol Albizu 'Goikoetxe' izan zen onena. 27 jasoaldi egin zituen, Peñagarikanok baino bat gehiago. Etxeberriak 21 egin zituen.
Bigarren saioa kubikoarekin egin zuten. Peñagarikanok hamazortzi jasoaldi egin zituen, hamalau Goikoetxek eta hamabi Etxeberriak.
Bolarekin egin beharreko azken saioan Peñagarikano izan zen onena, beste behin ere, 22 jasoaldirekin. Jasoaldi bat gutxiago, 21, egin zituen Goikoetxek eta hamabi jasoaldi Etxeberriak.Hortaz, jasoaldi guztiak batu eta gero, Peñagarikanok irabazi zuen kanporaketa eta finalerdietarako txartela.
Presioa eta urduritasuna nabaritu zituela adierazi zuen Albizuk proba amaieran, eta horiek kontrolatzen ikasi beharko duela hurrengo lehiaketetan.

• Zazpi urte harririk jaso gabe
Pedro Mari Egaña Mintxetarekin hasi zen Albizu herri kiroletan. Berak 23 bat urte zituenean zendu zen Mintxeta, eta harriak jasotzeari laga zion, harategi munduarekin lanpetuta zebilelako ere bai. Albizuk orain zazpi urte zabaldu zuen harategia Elgetan, eta gaur egun Bergaran ere badauka negozioa. Elgoibartarra pertsona estimatua da Elgetan. Duela urtebete berriz harrijasotzen hastea erabaki zuen. Mallabiko txapelketan parte hartu zuen abuztuan, eta bigarren postua eskuratu zuen. Joan den azaroaren 12an, berriz, Gabonetako harri-jasotze kopako lehenengo kanporaketan parte hartu zuen, Azkoitian, eta bigarren kanporaketarako sailkatzea lortu zuen.

*Argazkiak erta iturria: goiena.eus

harrikasotzea goikoetxe elgeta goiena