Karakateko 24. igoera jokatuko dute zapatuan

Barren.eus 2017ko aza. 14a, 15:41

Karakateko 24. Igoera jokatuko dute zapatuan, azaroak 18. 11:00etan irtengo dira korrikalariak Kalegoen plazatik, eta Karakatera arteko bidea egin beharko dute, norberak aukeratzen duen bidetik.

Morkaiko Mendizale Elkarteak gogorarazi du bidea ez dela markatuta egongo eta norberak nahi duen lekutik igo ahal izango duela, beti ere baserritarrek jarritako itxiturak errespetatuz. Izen-emateak doan izango dira eta interesatuek aurrez (morkaiko@moraiko.net helbidera idatzita) nahizlasterketa egunean bertan eman ahal izango duten izena, 10:00etatik aurrera.
Iaz 75 lagunek hartu zuten parte inoizko azkarrena izan zen Karakateko Igoeran, Iban Muruak eta Maite Maiorak gizonezkoen zein emakumezkoen errekorrak ondu baitzituzten. Iban Muruak 26 minutu eta 52 segundoan osatu zuen igoera. Maite Maiorak, berriz, 31 minutu eta 37 segundoan. Parte-hartzaileen artean hutsune nabarmen bat egongo da aurtengoan, proba bost alditan irabazi duen Iñigo Larizek ez baitu parte hartuko.

karakate igoera elgoibar jendetza
•Ibon Iparragirreren aldeko argazkia
Karakateko Igoera hasi baino bost minutu lehenago Ibon Iparragirre presoaren aldeko argazkia aterako dute Kalegoen plazan. Ondarroako presoa gaixorik dago, IHESA du, eta bere senideek ohartarazi dute defentsa gutxi geratzen zaizkiola bizirik irauteko. "Berandu baino lehen, Ibon etxera ekartzeko eskatu nahi dugu, hirugarren gradua aplikatzeko baldintzak betetzen dituelako, eta giza eskubidea delako. Horregatik, Karakateko igoera baino 5 minutu lehenago Ibonen aldeko argazkia egingo dugu Foruen Plazan. Era berean, korrikalariei dei egin nahi diegu Karakateko igoeran Ibonen aldeko kamisetarekin parte har dezaten", azaldu dute ekimenaren sustatzaileek; Elgoibarko zenbait bizilagunek eta Elgoibarko Sarek.

•Azken urteetako irabazleak:

∞Lotura duten albisteak: