Lagun Taldeko presidente Tomas Salegik hartu zuen hitza lehenik, eta Elgoibarko Udalari eskerrak eman zizkion egoitza berria eraiki izanagatik. Taldeko babesleak eta kide guztiak ere gogora ekarri zituen Salegik. Zuzendaritzako kide Juan Ramon Bellonek egin zuen berba gero, eta Salegik berak eta Felipe Callejak urte askoan klubaren alde egindako lana goraipatu zuen. Egindako lanaren aitortza egin ostean, oroigarri bana eta txapelak oparitu zizkieten Salegiri eta Callejari. Ondoren, aurreskua dantzatu zuten dantzariek, eta Benantxio Otaegi parrokoak instalazio berria bedeinkatu zuen gero. Eraikinak 75 metro koadro ditu, eta, besteak beste, 35 bizikleta eta 70 gurpil gordetzeko lekua du.