Honako hauek dira omenaldia jasoko duten sei lagunak: Yolanda Mateos, Itziar Gurrutxaga, Eli Ibarra, Evelyn Santos, Oihana Chico eta Nagore Lueches (beherago duzue bakoitzak futbolean egin duen ibilbidea).
12:15ean izango da omenaldia eta 12:30ean, lagunarteko partida jokatuko dute C.D. Elgoibarreko eta Bergarako nesken taldeek. C.D. Elgoibarren Futbol Eskolan izena eman duten neskekin osatu duten taldeak jokatuko du partida hori.
- Yolanda Mateos (Elgoibar, 1972): Yolanda Mateos hamasei urterekin hasi zen Eibarko Urki taldean jokatzen, 1988/1989 denboraldian. 1991/1992 denboraldian S.D. Eibarko lehen taldearekin hasi zen jokatzen. Hamabi denboraldi egin zituen Eibarren, 1991tik 2003ra. 2003an Valentziako Levante U.D. taldeak fitxatu zuen eta 2003/2004 denboraldia emakumeen Superligako txapeldunordea zen Sabadell taldean jokatu zuen. 31 urterekin laga zuen futbola. Mateosek Espainiako selekzioarekin ere jokatu zuen eta berak sartutako gol bati esker jokatu zuen Espainiak bere lehen Europako Txapelketa, 1997. urtean. Txapelketarako sailkatze faseko kanporaketan Ingalaterraren aurka sartu zuen gol erabakigarria elgoibartarrak, eta hala, Norbegian eta Suedian jokatu zen Europako Txapelketan parte hartu zuen.
- Itziar Gurrutxaga (Elgoibar, 1977): Itziar Gurrutxaga 1993/1994 denboraldian hasi zen C.D. Elgoibarko lehen taldean, 16 urterekin. Bost denboraldi egin zituen Elgoibarren eta 1999/2000 denboraldian Eibar S.D. taldearekin hasi zen. Eibarren hiru denboraldi osatu zituen erdilari elgoibartarrak eta Athleticek emakumezkoen taldea sortu zuen urtean bilbotarren deia jaso zuen. Gurrutxagak 2002tik 2008ra jokatu zuen Athleticen, guztira sei denboraldi. Lau Superliga irabazi zituen Bilboko taldearekin. 30 urterekin laga zuen futbola, 2007/2008 denboraldia amaitu eta gero. Espainiako taldearekin ere jokatu zuen Gurrutxagak.
- Eli Ibarra (Elgoibar, 1981): Eibartarrak F.T. taldean hasi zen futbolean 2000. urtean, eta 2002an Athleticek fitxatu zuen. Hamabost urte egin zituen Bilbon eta 2017ko udan laga zuen futbola. Hamabost denboralditan, emakumezkoen taldearen sorreratik, 412 partida jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin. Bera da Bilboko taldearekin partida gehien jokatu dituen emakumea. Espainiako bost Liga irabazi zituen Athleticekin, eta taldearen historian hirugarren goleatzailerik onena da, 111 gol sartuta. Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa (2013an Suedian) eta Munduko Txapelketa (2015ean Kanadan) parte hartu zuen.
- Oihana Chico (Elgoibar, 1982) :14 urterekin hasi zen C.D. Elgoibarren jokatzen, 1996. urtean. Eibartarrak taldean hasi zen 2002an eta urtebete geroago S.D. Eibar taldeak bere egituran sartu zuen Eibartarrak, eta taldeko jokalaria izan zen Oihana Chico 2010. urtera arte, futbola laga zuen urtera arte, hain zuzen ere.
- Evelyn Santos (Elgoibar, 1983): Hamalau urterekin hasi zen jokatzen Eibar S.D. taldeko emakumezkoen lehen taldean, 1997/98 denboraldian. Zazpi denboraldi egin zituen Eibarren. 2004an Realak fitxatu zuen eta Donostiako taldean jokatu zituen zortzi denboraldi, 2002tik 2013ra bitartean. 2009/2010 denboraldia, baina, Bartzelonako Europa taldearekin jokatu zuen. 2013an Oiartzun taldeak fitzxatu zuen eta han jarraitzen du.
- Nagore Lueches (Elgoibar, 1987) : 2001. urtean hasi zuen futbol ibilbidea C.D. Elgoibarren. 2008tik 2010era S.D. Eibarreko jokalaria izan zen. 2011. urtean futbolean jokatzeari laga zion ikasketetan buru belarri zentratzeko. C.D. Elgoibarrera itzuli zen 2012-2013 denboraldian. 2014ean, Elgoibaren talderik ez zenez osatu, Elorrion hasi zen jokatzen, eta bertan jarraitzen du oraindik.