Leire Egañak irabazi du Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa

Barren.eus 2017ko urr. 16a, 13:40

Leire Egañak eta Lan txakurrak irabazi dute Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa, eta honenbestez, Espainiako txapelketako finalera sailkatzea lortu dute. Leireren aitak, Jose Marik, berriz, laugarren postua eskuratu zuen beteranoetan eta egungo Gipuzkoako txapeldun Carlos Conde elgoibartarrak zazpigarren egin zuen seniorretan.

Orain astebete Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketan gertatu zen moduan, Leire Egaña elgoibartarra izan da onena Euskadiko txapelketan ere. Atzo, urriak 15, jokatu zen Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa Zambranako (Araba) El Castillo ehiza barrutian. Leire Egañak bi eper, faisai bat eta Lan txakurrak jasotako eper bat aurkeztu zituen kontrol puntuan ehizaldiaren amaieran. 1.752 puntu eskuratu zituzten. Mari Jose Carretero sailkatu zen bigarren postuan, bi eper ehizatuta (1002 puntu). Oihane Zumalakarregik lortu zuen hirugarren postua. Bere txakurrak hartutako eper bat eta faisai bat aurkeztu zituen honek, 500 puntu lortuz. Garaipen honi esker, Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finala jokatzeko sailkatzea lortu du Leire Egañak. Abenduaren 9an jokatuko da Badajozeko Valle de la Serena herrian.
Gizonezkoen senior mailan Axier Gaztañaga gailendu zen, sei eper ehizatuta. Carlos Conde elgoibartarrak, egungo Gipuzkoako txapeldunak, zazpigarren postua eskuratu zuen hiru eperrekin. Beteranoen mailan lehiatu zen Jose Mari Egaña elgoibartarrak, azkenik, laugarren postua lortu zuen eper bat eta faisai bat ehizatu eta gero. Manuel Etxebestek jantzi zuen txapela  beteranoetan.

2017 10 15 leire egaa euskadi txapeldun ehiza irabazleegaz

leire egaa euskadi txapeldun ehiza

Lotura duten albisteak: