Giro ederrean jokatu da gaur Julian San Juanen Oroimenezko 26. San Pedroko igoera. Eguzki izpiek gozatu duten giroa batetik, eta bide bazterretan batu diren ikusleek jarri dutena, bestetik. Guztira 45 txirrindularik parte hartu dute igoeran, denak gizonezkoak, eta Iker Eskibel eskoriatzarra izan da guztietan azkarrena, bigarren urtez jarraian. Iaz segundo batean ondu zuen Iñigo Larizek 2002. urtetik zeukan marka, eta gaur hiru segundo jan dizkio iazko denborari. Probaren amaieran esan duenez, oraindik gehiago ontzeko modukoa da denbora hori. Gaur parte ez hartzeko zorian ere egon da, proba hasteko hiru minutu falta zirenean zulatua izan baitu. "Irteerara nihoanean konturatu naiz zulatua nuela gurpilean eta ozta-ozta lortu dut konpontzea". Egoerak ez duela urduri jarri dio, baina bai behar bezala ezin berotu izanaren penarekin gelditu dela.
Eskibelek 40 segundoko aldea atera dio gaur bigarren sailkatuari. Ruben Merino durangarrak egin du bigarren (13.46) eta Josu Uriarte sailkatu da hirugarren postuan (13.49). Orain bi urte igoera irabazi zuen Ramon Javier Garcia elgoibartarra sailkatu da laugarren postuan. Jose Mari Arrazola izan da helmugara ailegatzen azkena, 33:58ko denbora eginda, baina badu nahikoa meritu, 80 urterekin egin baitu igoera.
• Alberto Contador fundazioan
Alberto Contador txirrindulari ohiak sustatutako Fundacion Alberto Contador Polartec taldeak fitxatu zuen iaz Iker Eskibel eta Madrilgo taldean lehiatu da duela hilabete amaitu zen denboraldian, 23 urtez azpikoen kategorian. Hurrengo denboraldian ez duela taldean jarraituko jakinarazi berri diote eta oraindik ez dauka argi zer egingo duen aurrerantzean. "Txirrindularitzaz gozatzea eskatzen dit gorputzak orain eta errepideko txirrindularitza mendikoarekin uztartu nahi dut", esan du.
•Azken urteetako irabazleak:
- 2016 Iker Eskibel eta Maite Maiora
- 2015 Ramon Garcia
- 2014 Josu Uriarte
- 2013 Jorge Gonzalez
- 2012 Mikel Hernandez eta Ainhoa Lendinez
- 2011 Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez
- 2010 Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez
- 2009 Josu Uriarte
- 2008 Josu Uriarte eta Ainhoa Lendinez
- 2007 Vicente Gonzalez
- 2006 Jorge Gonzalez
- 2005 Iñigo Lariz eta Ane Mendia
- 2004 Ramon Garcia eta Gotzone Aierdi
- 2003 Iñigo Lariz
- 2002 Iñigo Lariz
- 2001 Iñigo Lariz
- 2000 Iñigo Lariz
- 1999 Jose Mari Fernandez eta Ismene Fulgencio
- 1998 Ramon Garcia
- 1996 Jose Mari Fernandez
- 1995 Aitor Etxaniz eta Inma Ruiz