Joan den udan aldatu zuten Mintxetako futbol zelaiko belar artifizialak FIFA Quality Pro kalitate ziurtagiria jaso duela jakinarazi du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. 230.000 euro inguruko inbertsioa egin ondoren, 8.628 metro koadro belar aldatu zituzten: 100 x 20m (zelai handia), 40 x 20m (zelai txikia) eta inguruak (alboak).
Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) belar artifizialaren kalitatea egiaztatzeko programa jarri zuen martxan 2001. urtean, baina gaur egun zorrotzagoak dira kalitate irizpideak. Saiakuntza metodo berrien artean baloiaren botean betetzearen zipriztina, baloiaren errodadura, talken absortzio edo zurgapena, markaketa lerroen UVekiko erresistentzia edo orokorrean belar artifizialak higadurarekiko ematen duen erantzuna bezalako irizpideak kontuan hartzen direla azaldu dute Kirol Patronatuko arduradunek.
• Ziurtagiria lortzeko faseak
Futbol zelai batek FIFA Quality edo FIFA Quality Pro ziurtagiri bat lortzeko, aurretik hainbat fase gainditu behar ditu. Lehenik eta behin, zelai artifizialari FIFAk homologatutako laborategi batek frogak egiten dizkio. Behin froga horiek gaindituta, belar sistema ezartzen da berdegunean eta FIFAK homologatutako laborategi independenteak froga gehiago egiten ditu. Irizpide guztiak betetzen baditu, zelaia dagokion ziurtagiria lortzeko prest dago.
∞ Lotura duten albisteak: