Anbotoko kilometro bertikaleko hirugarren postuak Elgoibarrera

Barren.eus 2017ko urr. 1a, 14:12

Anbotoko Kilometro Bertikalaren hamargarren edizioa jokatu zen zapatuan, eta Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa ere izan da aurtengoa. Ainhoa Lendinez eta Iñigo Lariz elgoibartarrek hirugarren postuak eskuratu zituzten, emakumezkoetan eta gizonezkoetan.

300 korrikalarik parte hartu zuten zapatuan 3,8 kilometroko eta 1.092 metroko desnibel positiboa duen lasterketan. Gizonezkoetan Aitor Osa itziartarra zen faborito nagusietako bat, eta ez zuen hutsik egin. Anbotoko kilometro bertikalean errenkadan lortzen duen laugarren garaipena lortu zuen, 40 minutu eta 22 segundoko denbora eginda. Marco de Gasperi italiarrak du probako errekorra, 37'14" denborarekin. Osak, joan den asteburuan ere laugarrengoz jarraian irabazi zuen Uharte-Arakil-Beriaingo kilometro bertikala. Bigarren posturako lehia estua izan zuten Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Imanol Goñik. Minutu bateko aldea atera zion helmugan Goñik (40.59) Larizi (42.01). Aurten sekula baino lokatz gehiago topatu dutela bidean nabarmendu du Larizek, eta markak hobetzeko oztopo handia izan zela uste du, eguraldi freskoak marka politak egiteko aukera eskaintzen bazuen ere. Anbotoko igoera kilometro bertikaletan erreferentea dela uste du Larizek.

Ainhoa Lendinez estrainekoz podiumean

Emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan zen 50 minututik jaitsi den bakarra: 48.53. Azkorbeitiak, baina, ez zuen ondu probako errekorra (47.10), hain justu ere, Azkorbeitia berak 2011n ezarri zuen errekorra. Maria Zorrozak (50.53) egin zuen bigarren eta Ainhoa Lendinez (53.47) elgoibartarra sailkatu zen hirugarren postuan, iaz Anboton lortu zuen laugarren postua onduz. Aspaldian jokatu duen lasterketa "onena" izan irten zitzaiola azaldu du Lendinezek. "Onenekin jarri ninduten irteeran eta urduri jarri nintzen arren, pozik nago eman nuen mailarekin", esan du. Ibilbidean zegoen lokatzak proba asko zaildu zuela dio Lendinezek eta tarte batzuetan makilen falta sumatu zuela. Nahia Quincicocesekin lehia estua izan zuen Lendinezek. Helmugan bost segunduko aldea atera zion. Anbotoko Kilometro Bertikala Euskal Herriko onena dela uste du Lendinezek, sortzen den "giroagatik".  (X. Anbotoko Kilometro Bertikaleko sailkapena)

anboto km bertikal podium emak Maialen Zuazubiskar

Ainhoa lendinez anboto bertikala elgoibar

anboto km bertikal podium giz Maialen Zuazubiskar

anboto km bertikal lariz elgoibar