Tecnifuellek Euskadiko txapelketako Lauko Finala jokatuko du Zarautzen

Barren.eus 2015ko mar. 18a, 16:00

Euskal Ligako Lauko Finala jokatuko du Tecnifuelle Elgoibar, Sanlo kirol taldeko kadete nesken taldeak, datorren asteburuan Zarautzen. Etxebarriko Kukullaga, Donostiako Bera-Bera eta Zarauzko Aiala eskubaloi taldeen aurka jokatuko dute elgoibartarrek.

 Lorea Gabilondok gidatzen duen taldeak orain arte egin duen denboraldi aparta borobiltzeko aukera izango du Zarautzen jokatuko duten Lauko Finalean, martxoaren 20tik 22ra bitartean.

 Euskal Ligako lehen fasea sailkapeneko lehen postuan amaitu ostean, bigarren fasean Lauko Finalerako sailkatzea lortu du Tecnifuelle Elgoibar eskubaloi taldeak. Jokalari talde honen ibilbidea arrakastatsua izaten ari da oso. 2013an eta 2014an ere lortu zuten Euskadiko txapelketako finalera iristea eta iaz, gainera, zortzigarren postuan sailkatu ziren Espainiako kadete emakumezkoen eskubaloi txapelketan. Sanlo eskubaloi taldearen hamabost urteko historian lortu den emaitzarik onenetarikoa dela nabarmendu dute kirol taldeko arduradunek. Bartzelonan jokatu zen txapelketatik itzuli ostean Gipuzkoako Kopa txapelketa irabazi zuten gainera.

Lauko Finalean Etxebarriko Kukullaga, Donostiako Bera-Bera eta etxean jokatuko duen Zarauzko Aiala taldeen aurka jokatuko dute Tecnifueleko jokalariek. Zarautzera animatzera joateko deia egin die Sanlok zale elgoibartarrei.