Lendinez bigarren eta Lariz bosgarren Beriango igoera bertikalean

Barren.eus 2017ko ira. 25a, 21:24

Uharte Arakil-Berian Kilometro Bertikala jokatu zuten domekan Sakanako haranean, Nafarroaan. Emakumezkoetan txapeldunorde izatea lortu zuen Ainhoa Lendinezek. Gizonezkoetan, Iñigo Larizek inoiz baino azkarrago igo zuen Berian mendia (1494 m.), baina ez zen podiumera igotzeko nahikoa izan, eta bosgarren postuan sailkatu zen.

Uharte-Arakil Beriain 9. Kilometro Bertikalak inoiz baino parte hartzaile gehiago izateaz gainera, maila handiko mendi lasterkariak batu zituen, igoera bertikaletako espezialistak gehienak. Behin baino gehiagotan proba honetako podiumera igo den Iñigo Lariz elgoibartarra zen horietako bat. Inoiz baino azkarrago osatu zuen igoera (42:15), baina, hala eta guztiz, bosgarren postua eskuratu zuen. Aurten, gainera, berrikuntza zuen probak: proba kronometratua izan beharrean, korrikalari guztiek aldi berean hartu zuten irteera. Eta horrek eragina izan zuen, erritmoa behar baino gehiago estutu baitzuten zenbait antxitxikarik eta Beriaingo malda gogorrak ailegatu zirenean, izugarri nabaritu zuten. "Estreinakoz egin da era honetara Euskal Herriko Kilometro Bertikal batean. Ikusleen azalean jarrita, ikuskizunak irabazi zuela esango nuke", adierazi du Larizek. Berak lortutako emaitzari dagokionez, podiuma zapaldu ez arren, Berainen inoiz egin duen denborarik onena eginda "pozik" dagoela dio. "Aurkariek zeresana dute norberaren emaitzan eta bistan da aurten parte hartu duten saltakarien maila oso handia izan dela", azaldu du.
Aitor Osa, Didier Zago eta Imanol Goñi korrikalarien artean erabaki zen proba. Osa itziartarra bakarrik iritsi zen Beriaingo helmugara (40:56), eta 2015ean berak ezarritako errekorra (39:54) ondu ez bazuen ere, laugarren urtez jarraian irabazi du proba hau. Osak 20 segundo atera zizkion Didier Zagori (41:16) eta 35 segundo Imanol Goñiri (41:31). (gizonezkoen sailkapena)

beriain km bertikala lariz elgoibar

lariz beriain tontorrean elgoibar

• Ainhoa Lendinez txapeldunorde
Emakumezkoetan, Virginia Perezek ez zuen areriorik izan eta hasieratik hartu zuen aurrea (49:33). Errekorra ontzeko 6 segundo eskasera geratu zen. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak eskuratu zuen bigarren postua (54:18) eta Izaskun Zubizarretak hirugarrena (54:27). Mayi Mujika elgoibartarrak ere parte hartu zuen proban, eta 10. postua eskuratu zuen, 1:02:40ko denbora eginda. (emakumezkoen sailkapena)
Irteera oso azkarra izan zela nabarmendu du Lendinezek, eta Virginia Perezentzat egokiagoa zela. "Virginia eta biok parez pare ibili gera azken lasterketetan, baina atzoko irteera aproposa zen berarentzako, ni baino korrikalariagoa delako, eta aldea hartu zidan. Berataz ahaztu eta nire karreran zentratu nintzen. Izaskun Zubizarretarekin egin zuen lasterketa osoa eta azken esprintean hartu zion aurrea. Lortutako postuarekin pozik badago ere, egin zuen denbora hobetu zezakeela uste du. "Virginiari pixka bat gehiago eusten saiatu behar nuela uste dut. Berak izugarrizko lasterketa egin zuen, nik ez. Edonola ere, egun guztiak ez dira berdinak", esan du. Sakanan giro aparta bizi izan zutela gaineratu du. "Lagun mordoa parte hartzen eta ikusten, eta goiko bistak izugarriak, beti bezala". (probako argazkiak guaixe.eus webgunean)
Hurrengo larunbatean, irailaren 30ean, Anbotoko X. Kilometro Bertikalean parte hartzeko asmoa du Lendinezek.

beriain km bertikala ainhoa lendinez elgoibar gorantz

beriain km bertikala ainhoa lendinez elgoibar 1

Uharte Arakil Beriain km bertikala lendinez elgoibar guaixe

beriain km bertikala ainhoa lendinez elgoibar podium

UharteArakil Beriain km bertikala mayi guaixe