Maite Maiora nagusi 110 kilometroko Ultra Pirineu mendi lasterketan

Barren.eus 2017ko ira. 25a, 07:03

Cadi Moixero Parke Naturalean, Katalunian, jokatu zuten zapatuan Salomon Ultra Pirineu mendi lasterketa. Emakumezkoetan, Maite Maiora izan zen azkarrena 110 kilometroko ibilbidea osatzen. 21 minutuko aldea atera zion bigarren egin zuen Nuria Picasi, Mont Blanceko Ultra Traila irabazi berri duen antxintxikariari.

Mendi maratoiko Munduko egungo txapeldunak distantzia luzeagoetara ere ondo egokitzen dela erakutsi du, beste behin ere. Maite Maiorak bigarren postua lortu zuen orain hiru aste Mont Blanceko Ultra Traileko CCC lasterketan (101 kilometro), eta joan den zapatuan Salomon Ultra Pirineu (110 km +6.800 m.) irabazi du Katalunian. Ultra distantzietako lasterkari onenetarikoa den Nuria Picas kataluniarra izan zuen aurkari gogorrena Mendaroko antxintxikariak. Biek lortu zituzten emaitza bikainak Mont Blanceko ultra trailean, duela hiru aste. Lasterketa nagusia irabazi zuen Picasek eta Maiorak bigarren egin zuen 101 kilometroko proban. Zapatuan elkarrekin egin zuten probako lehen zatia, baina 50. kilometroan aurrera jo zuen Maitek eta aldea handituz joan zen Bagà herrian zegoen helmugara arte. Maiorak 14 ordu, 22 minutu eta 19 segundoan osatu zuen proba. Picasek 21 minutu gehiago behar izan zituen.
Distantzia luzeko lasterketerara ondo moldatzen dela ikusi duen arren, urtean pare bat egitearekin nahikoa duela adierazi du Maiorak. "Egiteagatik gehiago ere egin ahalko nituzke, baina ez irabazteko lehiatuz. Buruak ez dit ematen". Izan ere, ultra lasterketak psikologikoki direla gogorrak nabarmendu du. Mont Blanceko proba egin eta gero, Kataluniako probarako bere burua ondo ikusten zuen arren, proban bertan, mentalki hobeto zegoela konturatu zen fisikoki baino.

Maioraren hurrengo erronka Gorbeaia Suzien Ternua proban parte hartzea izango da, baina orraindik ez daki ziur parte hartuko duen, asteburuko esfortzutik nola errekuperatzen den ikusi nahi baitu aurrez. Gorbeia Suzien Ternua Europako Txapelketa izango da aurten, Sky modalitatean.

 

∞ Lotura duten albisteak: