Javier Hernandok azaldu duenez, ultra edo distantzia luzeko mendi lasterketa bat probatu nahi zuten eta era honetako ultren artean hasiberrientzako egokia delako aukeratu zuten Madrid-Segovia, "Ehunmilak eta hemen inguruan egiten diren beste ultra batzuk baino errazagoa delako". Segoviako lurretara joateko sentimenduzko arrazoiak ere bazituen Hernandok, hangoa baitzen bere aita.
• Kia dorreak ezin atzean laga
Madrilen hasi zuten 100 kilometroko proba, Kia dorreak dauden Castilla plazatik, hain justu ere. "50. kilometroan atzera begiratu eta oraindik ere ikusi egiten genituen Kia dorre horiek, orduak oinez egin arren ez genuela aurrera egiten zirudien. Gogo-aldarteri kemenez eusteko ez zen ideia ona atzera begiratzea", azaldu du Javier Hernandok ironiaz.
• Santiagoko bidetik eta abelbideetatik
Ibilbideak Santiagoko bidea eta abelbideak jarraitzen zituen, eta Segoviako akueduktuaren oinetan zegoen helmuga. Bidean La Barranca eta Fuenfria (1.795 metro) gailurrak gainditu behar zituzten, eta aldapez gainera hotza izan zuten oztopo nagusia, gauean 2 gradutaraino jaitsi baitziren termometroak. "Madrilen hasi ginenean 14 gradu markatzen zituen termometroak eta 80. kilometroan pasa genuen Fuenfrian, izenari ohore eginez, bi gradu bakarrik egiten zituen. Antolakuntzakoek manta termikoa eta buruko argia eramatera behartzen zaituzte eta zurekin daramazkizula egiaztatzen dute anoa postuetan", azaldu du Hernandok.
Zapaldu zituzten bideak hemengoak baino lehorragoak eta gogorragoak direla uste du. "Ardiek eta erabiltzen zituzten bideak dira, idorrak eta harri txintxorrez beteak. Agian horregatik atera zaizkik oinetan sagarren tamainako babak", dio. Konparazioa eginez, hemengo bideek beste biguntasun bat dutela uste du.
Javier Hernandok bost maratoi eginak ditu, eta bere ustez, maratoiak ez du zerikusirik ultra distantziako mendi lasterketa batekin. Beste kontzeptu bat dela dio. Edonola ere, behin ultrak probatu ostean, ez dela egiten duten azken "zorakeria" izango ziur da.
• Irabazleak eta denborak
José Luis Basalo Ochoa (9:11:23), gizonezkoetan, eta Maria Soledad Aragunde (11:29:49), emakumezkoetan, izan ziren azkarrenak. Bi elgoibartarrek elkarrekin egin zuten proba eta helmugara ere batera ailegatu ziren, 18 ordu eta 25 minutuko denbora eginda, 367 eta 368. postuetan, hurrenez hurren. 500 parte hartzaile baino gehiago izan zituen lasterketak.