Afizionatu mailako txirrindulari beterano onenak batu ziren asteburuan Kantabriako Colindres herrian. Adinaren arabera banatutako zortzi kategoriatan lehiatu ziren parte hartzaileak Espainiako Txapelketan. Beteranoetan gazteenak diren Master 30 kategoriako txirrindulariek, 30 eta 40 urte bitartekoek, 112 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, Colindresen hasi eta bukatzen zen zirkuitu bati hainbat itzuli emanez. Lehen itzulia egiten ari zirela, tropeletik ihes egin zuten bederatzi txirrindularik, tartean Ramon Javier Garcia (Eibartrans-Gobike) elgoibartarrak. Eguneko ihesaldia izan zen, elkarrekin ondo konpondu eta tropelari bi minutu eta 37 segunduko aldea ateratzera iritsi baitziren lasterketaren erdi aldera. Tropelak aldea murrizteko lan handia egin zuen arren, 105 kilometro ihesaldia osatu eta helmugara elkarrekin ailegatu ziren bederatzi txirrindulariak. Esprintean Arturo Muñoz (Bobruc Oil) txirrindularia izan zen azkarrena, Alberto Oter (Orquin) sailkatu zen bigarren postuan eta Jesus Ruizek (AC Hotels By Marriot) egin zuen hirugarren. Ramon Garciak seigarren postuan gurutzatu zuen helmuga, irabazlearen denbora berdina eginda (ikus sailkapenak). Ikus hemen probako bideoak.
• Sasoiko denboraldi amaieran
Denboraldia okerreko hankarekin hasi zuen Garciak, entrenatzen ari zela erorikoa izan baitzuen Eibarko Azitaineko biribilgunean eta lepauztaia hautsi zuen. Lau hilabetez geldik egon ostean itzuli zen lehiara maiatzean, eta harrezkero pedal kolpea berreskuratuz joan da, gutxinaka. Udan emaitza onak lortzen hasi zen. Salinas de Añanako proban bosgarren egin zuen (2. postua Master 30 Mailan) eta bederatzigarren postua eskuratu zuen gero Galdakaon jokatu zen Euskadiko Master txapelketan.