Javi Dominguezek irabazi du Tor des Geants, 330 kilometroko mendi lasterketa

Barren.eus 2017ko ira. 13a, 06:44

Tor des Geants kirol erronka gainditzen duen abentura da. Parte hartzaileek 330 kilometroko ibilbidea (+ 24.000 metro) osatu behar dute Alpeetan. Domeka goizean hasi zen proba eta eguaztenean goizaldean, 6:10ean, ailegatu da helmugara irabazlea, Javi Dominguez. Gainera, probako errekorra ondu du.

Javi Dominguezek, Elgoibarren lan egiten duen gasteiztarrak, 67 ordu, 52 minutu eta 15 segundoan osatu ditu Tor des Geants ultra lasterketako 330 kilometroak. Bi orduan ondu du gainera probako errekorra. (hona proban egin duen ibilbidea)
Javi Dominguezek Franco Colle italiarra izan du aurkari gogorrena proban. 2014ko edizioa irabazi zuen italiarra eta Domingez lehenengo postuak txandatuz joan dira azken egunotan. Azken kilometroetan, baina, Domingezek Colleti aurrea hartu eta gero, bertan behera laga du proba antxitxikari italiarrak. Hala, helmugara lehen postuan ailegatu da Dominguez. Iker Karrera euskaldunak ere irabazi zuen proba hau 2013an. Era berean, Imanol Alesom azkoitiarra ere ari da parte hartzen eta oraindik helmugara iritsi ez bada ere bosgarren postuan dago behin behineko sailkapenean.
• Logure handia
Javi Domingez ohituta dago iraupen handiko mendi lasterketetara. Lau alditan irabazi du, esaterako, Ehunmilak ultra traila (2011, 2014. 2016 eta 2017). Hala eta guztiz ere, logurari zion beldurrik handiena Tor des Geants proban estrainekoz parte hartu aurretik. Izan ere, Diagonal des Fous proba zen orain arte egin duen probarik luzeena eta ia bi gau pasa behar izan zituen han. Gaurkoarekin hiru gau egin ditu lehian Tor des Geants-en. "Burua ondo doa, baina ez dituzu gauzak ikusten. Gerturatzen zoazen neurrian, zuretzat zakur bat zena harri bat da, paperontzi bat zirudiena zuhaitz adar bat...", azaldu zuen proba aurretik logurearen eraginaz. Atzo une gogor bat pasa behar izan zuen logure handia sentitzen hasi zelako. Astelehenean, berriz, oinetako minari aurre egin behar izan zion. Oso egun gogorrak izan direla adierazi du Dominguezek helmugan, baina baita oso pozik dagoela ere.

javi dominguez tor des Geants