Gau Krosik ez duela antolatuko iragarri du Mintxeta Atletismo Taldeak

Barren.eus 2017ko ira. 3a, 08:18

Kirol proba bat gutxiago Elgoibarren. Mintxeta Atletismo Taldeak jakinarazi duenez, aurten ez dute Elgoibarko Gau Krosa antolatuko. 2010ean jokatu zen estreinako Gau Kros Herrikoia, eta zortzigarrena izan behar zuen aurtengoak.

Sigmako Pilota Txapelketa eta Azkarateko txirrindularitza eta antxintxika igoeren ostean, Elgoibarren beste kirol proba bat antolatzeari lagako diotela jakin dugu. Mintxeta Atletismo Taldeak iragarri du aurten ez dutela Elgoibarko Gau Krosa antolatuko. 2010ean antolatu zuten estreinakoz Gau Krosa, Juan Muguerza Nazioarteko Krosa antolatzeko dirua lortzeko. "Elgoibarko zein beste hainbat herritako korrikalariak etorri izan dira gure kaleetan murgildu eta parte hartzera, eta gehienak oso pozik joan izan dira", adierazi dute.
• Arrazoiak
Parte hartzaile kopurua jaitsi izana eta proba antolatzeko dituzten zailtasunak aipatu dituzte "hainbeste maite" duten proba, "momentuz", antolatzeari lagatzeko arrazoi nagusitzat, alabaina, erabakia ez dela behin betikoa nabarmendu dute.
Juan Mugertza Krosa antolatzeko lanetan jarriko dutela indar eta ahalegin guztia gaineratu dute. Izan ere, krosaren 75. ekinaldia jokatuko da 2018ko urtarrilaren 14an, eta 75. urteurrena ospatzeko lantalde berezia osatu du Mintxeta atletismo taldeak. Laguntzeko prest dauden lagunek lantaldeko ateak zabalik dituztela azaldu dute.

 gau krosa elgoibar irteera

 gau krosa elgoibar 2016

gau krosa elgoibar 2014