Emakumezkoen futbol Kopako finala domekan jokatuko da Mintxetan

Ainara Sedano 2017ko abu. 22a, 12:56

Igandean, abuztuaren 27an, Emakumezkoen futbol kopako finala jokatuko dute Real eta Athletic taldeek Mintxetako zelaian. 12:00etan izango da norgehiagoka eta antolatzaileek herritarrak eta futbol zaleak gonbidatu dituzte partida ikustera. 

Euskal Herria Kirola elkarteak emakumezkoen futbol koparen zazpigarren edizioa antolatu du, eta sailkapen partidak jokatu ondoren, finala Elgoibarren izango da Elgoibar Kirol Elkartearen mendeurreneko ospakizunen baitan. Reala eta Athletic arituko dira nor baino nor Mintxetako zelaian abuztuaren 27an, domekan, 12:00etan hasita.

Partidaren aurkezpen ekitaldian izan dira Kike Zurutuza, Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkaria; Jose Angel Iribar, futbolari ohi ezaguna; Athleticeko kapitain Ainhoa Tirapu; Elgoibarko Alkate Ane Beitia, Sandra Ramajo Realeko kapitaina; Jon Basurto, C.D. Elgoibarreko presidentea; eta Alex Uranga, Realeko kontseilaria.

Marisa Pilla arbitroak gidatuko duen partidaren oinarriak azaldu ditu Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako ordezkariak eta gainontzekoek hartu dute hitza ondoren. Jon Basurtok adierazi zuen, C.D. Elgoibarren helburuetariko bat nesken futbola sustatzea dela, kirolean berdintasuna indartuz, beraz, horrelako partida bat Elgoibarren hartzea ohorea dela. Alkateak ere ohore bat dela esateaz gain, jaien bueltan gaudenez, partidara eta jaietara inguruko jendea gonbidatzeko baliatu du aurkezpena, baita finalistei zorte ona opatzeko ere. Jose Angel Iribarrek C.D. Elgoibar zoriondu du “mendeurrena hitz potoloa baita”, gaineratu du final polita ikustea espero duela eta festa giroan jokatuko dena. Alex Urangak horrelako lehia bateko finalak ilusioa egiten diela esan eta Euskal Herriko Kirola elkartea ere animatu du antolaketan jarraitzeko. Azkenik, bi kapitainek hartu dute hitza. Sandra Ramajok C.D. Elgoibar eta herria bera eskertu ditu Mintxetan finala jokatzeko aukera eman dutelako, baita mendeurrenean zoriondu ere; eta beraientzat kopak aurre denboraldirako duen garrantzia ere azpimarratu du. Ainhoa Tirapuk egin ditu azken hitzak partidaren garrantzia azpimarratuz, honek ere, partida ofizialak bezala prestatzen dituztelako eta lehiaren baitan irabazten saiatuko direla; bide batez Elgoibarko kluba emakumeen futbolean egiten ari den lana ere eskertu du.

Beraz, herritarrak domekan neskak animatzera gerturatzeko gonbitea egin dute guztiek, partida esanguratsua eta mendeurreneko ekitaldi garrantzitsua izango dela gogoratuz.