Italian jokatu zen Vibram kiometro bertikalean garaipena lortu zuen Ainhoa Lendinezek

Barren.eus 2017ko uzt. 13a, 11:48

Vibram Vertical Sass De Fer igoera bertikalaren estraineko edizioa jokatu zuten aurreko asteburuan Italiako Laveno herrian, Lombardian. Ainhoa Lendinezek Vibram etxearen gonbidapena jaso zuen proban parte hartzeko eta irabazi egin zuen.

Ainhoa Lendinezek nabarmendu du estreinakoz ordezkatu duela talde bat mendi lasterketa batean. Oinetakoen zolak egiten dituen Vibram etxe italiarraren taldearentzat egin zuen antxitxika Vibram berak antolatutako Vertical Sass De Fer igoera bertikalaren lehen edizioan. Paraje ikusgarrietan jokatu zen proba, Varese eskualdean dagoen Laveno herrian. "Alpeetako Monte Rosa mendia ikusten da parez-pare eta Maggiore lakuaren ondoan dago herria", azaldu du Lendinezek. 93 lagunek parte hartu zuten proban eta Roberto Delorenzi italiarra izan zen azkarrena (32:26). Emakumezkoetan Ainhoa Lendinez gailendu zen 42 minutu eta 11 segundoko denbora eginda. Elisa Masciocchi (46:20) eta Elisabetta Di Gregorio (46:32) italiarrak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. (sailkapena -PDF-). Italiako proban sentsazio oso onak izan zituela azaldu du Lendinezek. Beldur pixka batekin joan zen, bakarrik joan zelako eta inguru haietan egon gabea zelako, baina bere burua oso ondo ikusi zuen proban. Gogorrena egin zuen beroa eta hezetasuna izan zirela gaineratu du.

• Hurrengo erronka
Ainhoa Lendinezek igoera bertikalen Munduko zirkuituko proba batean parte hartuko du asteburu honetan, Cabanerako kilometro bertikalean, Kataluniako Pirinioetan. Iñigo Lariz ere parte hartzekoa da. Lariz bederatzigarren dago sailkapen nagusian eta 12. postuan dago Lendinez. Cabaneran lehiatuko ez den arren, sailkapen nagusiko laugarren postuan dago Maite Maiora mendaroarra.

ainhoa lendinez italia

ainhoa lendinez sassdefer italia ibilbidea