C.D. Debabarrena areto futbol taldea desagertu egingo da

Barren.eus 2017ko uzt. 6a, 08:25

Arazo ekonomikoak medio, desagertu egingo da C.D. Debabarrena areto futbol kluba. 1989an, duela 28 urte, hasitako ibilbidearen amaiera dela jakinarazi du taldeko presidente Jose Ramon Iriartek.

Erabakiak ez daukala atzera bueltarik esan du Jose Ramon Iriartek. Azken denboraldian Kirolgi Fundazioaren diru laguntzarik gabe gelditu izana, urak gainezka egiteko falta zen tanta izan dela azaldu du kirol-taldeko presidenteak, kluba aurrez ere egoera ekonomiko "delikatuan" zegoelako. C.D. Debabarrenak 48.000 euro inguruko aurrekontua izan du 2016-2017 denboraldian, eta Kirolgitik 12.500 euroko laguntza jasotzea aurreikusten zuten, iaz jaso zuten kopurua, alegia. Iriartek azaldu duenez, Concepto Egile Bigarren Nazional B Mailara igo zen denboralditik, 2010-2011 denboralditik, jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza, areto futbolean mailarik gorenean ari den Gipuzkoako taldea izateagatik. "Gure maila berean beste talde gipuzkoar bat egon denetan bion artean banatu izan dute diru-laguntza", zehaztu du Iriartek.
Esan bezala, azken denboraldian laguntza horren falta igarri du klubak. Mingarriena, baina, jakinarazpenik ez dela egon izan da Iriarteren berbetan. "Laguntza ez zetorrela ikusita, denboraldia hasita zegoela, azaroan, neuk galdetu behar izan nien zergatik ez genuen laguntza hori jaso. Ez genuen erantzunik jaso, aitzakiak gehienez jota. Urtarrilean laguntza jaso zutela baieztatu zigun gure mailan dagoen beste taldeak". C.D.Debabarrena taldearen webgunean azaldu zuen Iriartek Kirolgi Fundaziokoekin izan zuen ezin ulertua, joan den otsailean.  

• Arartekoan salaketa
Dirulaguntzarik jasoko ez zutela baieztatu ostean, Arartekoarengana ere jo zuen Debabarreneko klubak. Alabaina, arartekoaren epaia aldekoa edo kontrakoa izan, klubaren biziraupenerako beranduegi ailegatuko dela diote. Honenbestez, C.D. Debabarrena areto futbol klubeko talde guztiak desagertuko dira, tartean azken denboraldietan Nazional B Mailan aritu den Concepto Egile. 1989ko irailaren 27an hasitako ibilbidearen amaiera dela jakinarazi du taldeko presidente Jose Ramon Iriartek. Pena handiz hartu du erabakia Iriartek, taldearen sorreratik baitago klubean eta bere "ume bat" izango balitz moduan sentitzen du taldea. Minduta dagoela ere nabari zaio, baina hautsak gehiegi harrotu gabe itxi nahi du 28 urteko etapa hau.

jose ramon iriarte 2013 igoera 

∞Lotura duten albisteak: