31 elgoibartarrek eta mendaroarrek parte hartuko dute Ehunmilak, G2H eta Marimurumendi mendi lasterketetan

Barren.eus 2017ko uzt. 4a, 11:29

Elgoibartik pasatuko da barixaku gauean Ehunmilak 168 kilometroko mendi lasterketaren 8. edizioa. Egoitz Mujika Errasti elgoibartarrak eman du izena 168 kilometroko ultratrailean parte hartzeko eta Elgoibarren lan egiten duen Javi Dominguez izango da proba irabazteko faborito nagusietako bat. Askoz gehiago izango dira G2Handiak 88 kilometroko proban parte hartuko duten gure ordezkariak.

Ehunmilak lasterketa barixakuan hasiko da. Izena emanda dauden 409 partaideak Beasainetik abiatuko dira 18:00etan. Horien artean izango dira Egoitz Mujika elgoibartarra eta Elgoibarren lan egiten duen Javi Dominguez. Azken honek hiru alditan irabazi du proba (2011, 2014 eta 2016) eta aurten ere garaipena lortzeko faborito nagusien artean dago bere izena. Gorlatik barrena Irukurutzetako gaina pasa ostean Azkarateraino jaitsiko dira parte hartzaileak. Sargoate eta Azkarate ingurutik 22:00etatik goizaldeko 2:00ak arte pasako direla aurreikusten dute antolatzaileek.
• 28 Elgoibartar G2Handiak proban
Ehunmilak probaren barruan, G2Handiak 88 kilometroko mendi lasterketa ere jokatuko da. Horiek ere Beasaindik abiatuko dira, 23:00etan, eta, besteak beste, Txindokiko eta Aizkorriko gainak zapaldu beharko dituzte parte hartzaileek. Kasu honetan ez dira Elgoibartik pasako. 500 lagun baino gehiagok eman dute izena G2Handiak lasterketan eta horien artean daude 28 elgoibartar eta mendaroar bat.
Azkenik, Marimurumendi mendi lasterketaren hirugarren edizioa ere jokatuko da eta Jokin Rodriguez Magunazelaia elgoibartarra lehiatuko da 42 kilometroko proba horretan. Izena eman duten 280 partaideak domekan, 9:00etan abiatuko dira Beasaindik. Marimurumendi lasterketaren iazko edizioan, Andrea Garai irabazlearekin besarkatuta sartu zen helmugan Ainhoa Lendinez elgoibartarra.

Lotura duten albisteak: