Padel eta tenis txapelketek badituzte irabazleak

Barren.eus 2017ko uzt. 2a, 11:07

Elgoibarko 40-15 Tenis eta Padel Elkarteak hamargarren urtez antolatu ditu aurten padel eta tenis txapelketak. Joan den maiatzaren 2an hasi ziren lehiatzen eta zapatu honetan jokatu zituzten finalak Mintxetan.

Tenis txapelketan bakarka lehiatu dira partaideak. Iazko irabazlea, Agustin Quintana azkoitiarra, sailkatu zen finalerako, finalerdietako neurketan Mikel Espinal irundarrari irabazita (6-3 eta 6-2). Quintanak, baina, lesio bat medio, uko egin behar izan zion zapatuan Mintxetan jokatzekoak ziren finala jokatzeari. Hala, antolatzaileek erabaki zuten bigarren finalerdiko irabazlea izango zela torneoko txapelduna. Euria egingo zuela iragarrita zegoela-eta, Elgoibarren beharrean Eibarren jokatu zuten finalerdi hori, barixakuan. Sergio Urriza mutrikuarrak eta Ruben Pinillos eibartarrak neurtu zituzten indarrak eta Pinillosek irabazi zuen final bihurtutako finalerdia, 6-1 eta 6-2. Iaz txapeldunorde izan zen Pinillos, finalean Agustin Quintanaren aurka galdu eta gero.
• Durangarrak nagusi padelean
Padel txapelketa bikoteka jokatu dute emakumeek zein gizonek. Ligaxka eran jokatu zuten lehen fasean, bi multzotan banatuta eta denek denen kontra. Emakumezkoetan Sonia Merino eta Olatz Lejardi durangarrak eta Alicia Iglesias eta Nora Hadi elgoibartarrak ailegatu ziren finalera. Durangarrak izan ziren nagusi finalean (6-0 eta 6-0).
Emakumeen finalaren ostean jokatu zuten gizonena. Aritz Martijak eta Asier Oyarzabalek osatutako bikoteak Oier Urigoitia eta Igor Zabaleta durangarrek osatutakoaren aurka jokatu zuten. Urigoitiak eta Zabaletak txapelketa hainbat alditan irabazi duten Patxi Vallejos eta Juan Luis Etxaniz bikotekide bergararra kanporatu zuten finalerdietan. Finalean maila handian aritu ziren bi bikoteak, batez ere lehen setean. Bosna berdinduta egon ostean, Urigoitiak eta Zabaletak jarraian irabazi zituzten azken bi jokoak eta eurentzat izan zen lehen seta. Bigarrengoa zailtasun gutxiagorekin irabazi zuten, 6 eta 2.

padel finalak Elgoibar danak

padel finalak Elgoibar sakea

padel finalak Elgoibar 2

2017 07 01 padel finalak Elgoibar smash

padel finalak Elgoibar1