Elgoibarko Xake Taldeak antolatuta, hirugarren Udaberri Xake Txapelketa jokatu dute Iriondo tabernan. Guztira 24 xakelari aritu dira lehian apirilean hasi zuten txapelketan, eta atzo jokatu zuten finala Mikel Leonek eta Markel Kerexetak. Estreinako finala zen Kerexeta gaztearentzat eta hirugarrena Leonentzat, txapelketa jokatu den hiru aldietan ailegatu baita finalera. Lehen edizioko finala galdu egin zuen Ivan Fernandezen aurka, irabazi iazkoa eta aurten ere txapeldunorde izan da. Markel Kerexetak finalean taula gainean jarri zuen defentsak ezustean harrapatu zuen Mikel Leon, ezagutzen ez zuelako, eta denbora gehiegi galduarazi zion horrek partidaren lehen zatian. Izan ere, txapelketa osoan moduan, 25 minutu izan dituzte xakelariek partida garatzeko. Edonola ere, bi xakelariak berdinduta ailegatu ziren partidaren azken zatira, baina jokatzeko lau minuturekin iritsi zen Kerexeta une erabakigarrira, eta bi minutu bakarrik erabil zitzakeen Leonek jokaldiak garatzeko. Denboraren estutasun horien ondorioz, okerreko jokaldia egin zuen iazko txapeldunak, eta, txapeldungaiak, okerraz jabetuta, garaipena eskuratu zuen.
Ivan Fernandez Rodriguez sailkatu zen hirugarren postuan, Mikel Fidalgori irabazita. Kopa txapelketako finalean, berriz, Felix Manso urnietarra gailendu zen, estreinakoz parte hartzen zuen Jabi Muñoz mendaroarrari irabazi eta gero.
• Helburuak beteta Gipuzkoako Ligan
Gipuzkoako txapelketan aritu diren Elgoibar Xake Taldeko bi taldeak pozik daude Gipuzkoako Ligan lortutako emaitzekin. Mekatar A talde nagusiak, dezente sufritu eta gero, mailari eustea lortu zuen eta Lehen Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Mekatar B taldea, aldiz, aurreneko postuegatik borrokan aritu zen denboraldian, eta laugarren postua eskuratu zuten azkenean Gipuzkoako Ligako Hirugarren Mailan.
*Argazkiak: Elgoibarko Xake Taldea.