Maite Maiorak irabazi du Livigno Skymarathon proba, Italian

Barren.eus 2017ko eka. 19a, 22:36

Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazteko lortutako sasoiari etekina ateratzen dihardu Maite Maiorak. Munduko zirkuituko proba berri bat irabazi du oraingoan, Italian: Livigno Skymarathon. Eta hori, eroriko bat izan eta belaunean egin zuen zaurian sei puntu eman zizkioten arren.

Livigno Skymarathon munduko zirkuituko mendi lasterketan gailendu da Maite Maiora. Oso momentu onean eta gogotsu dago antxitxikari mendaroarra eta halaxe erakutsi zuen Italia aldean ere. Iaztik zuen buruan proba honetan parte hartzea eta probari buruz zituen uste guztiak bete zirela azaldu du. 34 kilometroko ibilbide tekniko eta zailari egin zioten aurre lasterkariek, 3.000 metroko gailurretatik gertu. Elurtutako zatietatik eta glaziarretatik ere pasa behar izan zuten. Helmugara ailegatzeko hamabi kilometroren faltan erorikoa izan zuen Maiorak eta zauria egin zuen ezkerreko belaunean. Helmugara odoletan ailegatu zen bai, baina lehen postuan, lau ordu, 37 minutu eta 30 segundoko denboran. Ia sei minutuko aldea atera zion bigarren egin zuen Denisa Dragomir errumaniarrari (4:43:21). Laia Andreu espainiarra sailkatu zen hirugarren postuan (4:47:16). Proba amaitu ostean, ospitale batera joan zen Maiora eta sei puntu jarri zizkioten zauritutako belaunean. Maiorak Zumaiako Flysh Trail lasterketan parte hartzeko asmoa zuen domekan, baina belaunak hobera egiten badu parte hartuko du.
• Maiora munduko zirkuituko lidergoan
Garaipen honi esker, YSF erakundeak antolatzen duen Skyrunning munduko zirkuituko lidergoan dago une honetan, 220 punturekin. Megan Kimmel estatubatuarra dago bigarren (164,8) eta Silvia Rampazzo italiarra hirugarren (ikus emakumezkoen sailkapen nagusia). Edonola ere, zirkuitua bera ez dagoela bere helburuen artean adierazi du Maiorak, ez dagoela sailkapen orokorrarekin batere tematuta, alegia. Garrantzi handiagoa ematen dio probak irabazteari. Gainera, aurten, gustuko lasterketak bakarrik korritzen ari dela azaldu du, politenak iruditzen zaizkionak. Hala, Italian jokatuko den beste lasterketa bat du begiz jota orain, Royal Ultra SkyMarathon® izenekoa. Sky Extreme mailako 53 kilometroko lasterketa uztailaren 16an jokatuko dute.

maite maiora livigno skyrunning ysf helmuga

maite maiora livigno skyrunning ysf

maite maiora livigno fotoiosu zauria

∞ Lotura duten albisteak: