Elgoibarko Zarta Arkulari Taldeak eta Gipuzkoako federazioak antolatuta, arku tradizionalen eta biluzien Euskal Herriko Arku Tiraketa Txapelketa jokatu zuten hilaren 10ean, Mintxetako igerilekuen ondoko zelaian. Igerilekuak ireki zituzten egun berean, hain zuzen ere. Hala, elkarren ondoan egon ziren arkulariak eta bainulariak, eguraldi eguzkitsuak eta beroak erakarrita asko izan baitziren igerilekura hurbildu ziren herritarrak. Arkulariek, aldiz, ahal zuten moduan jasan behar izan zuten bero sargoria, 14:30ean hasi baitzen txapelketa.
Guztira 30 bat arkularik parte hartu zuten hiru kategoriatan: arku instintiboak, longbow erakoak eta arku biluziak.
Arku instintiboetan Naiara Argote Gonzalez Arco Santurtzi taldeko kidea gailendu zen, emakumezkoetan. Baztertxo taldeko Ainhoa Santamariari irabazi zion finalean. Gizonezkoetan, berriz, Elgoibarko Zarta taldeko Javier Varona Organbide arkulariak erakutsi zuen punteriarik onena. Varonak Andoni Larrabeitiri (Diarco) irababazi zion finalean. Zartako arkulari gehiagok ere parte hartu zuten kategoria honetan. Hugo Sierra finalauerdenetaraino ailegatu zen eta seigarren postuan sailkatu zen. Andoni Campo eta Rafael Segui, berriz, bederatzigarren postuan sailkatu ziren.
Arku biluzietan Alberto Portela (Abanto Gezaleriak) nagusitu zen eta Jorge Carrasco (Aakt) gailendu zen Longbow arkuekin. (ikus sailkapen guztiak)
*Argazkiak: Jose Luis Garcia "Katsu"