Ultra lasterketen Espainiako Txapelketa irabazi du Javi Dominguezek

Barren.eus 2017ko eka. 11a, 10:47

Travesera mendi lasterketa jokatu zuten zapatuan Europako Mendietan eta Javi Dominguez gailendu zen ultra lasterketen Espainiako Txapelketa ere jokoan zegoen proban. Beste mendiko lasterketa bat ere jokatu zen atzo, Gasteizko Mendiak, hain zuzen ere, eta hor ere aurrenekoekin lehian ibili zen elgoibartar bat. Gorka De La Horrak bigarren egin zuen.

La Travesera Integral Picos de Europa izeneko mendi lasterketaren 14. edizioa jokatu zuten zapatuan Asturiasen. Europako Mendietako lasterketa hau gainerako lasterketengandik ezberdina dela diote antxitxikariek, oso teknikoa eta desnibel handikoa delako (74km, 6.550m desnibel positibo eta 6.585m negatibo).
Atzokoan hamalau herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten, eta horien artean ziren ultra lasterketetako euskal selekzioko kideak, tartean Javi Dominguez. Hasieratik ezarri zuen bere erritmoa Dominguezek, nahiz eta gero, probak aurrera egin ahala, Dakota Jones eta Ivan Cuesta saltakariek hartu zioten erreleboa lasterketa buruan. Urrielluko aterpetxe paretik bigarren postuan pasa zen Dominguez, baina Jitu Escarandira ailegatu zenean erritmoa bizitu eta bakarrik iritsi zen helmugara, irteera hartu zuenetik hamaika ordu, hamaika minutu eta segundu batera. Kantabriako selekzioko Iván Cuestak (11:18:37) egin zuen bigarren eta Andaluziako selekzioko Manuel Angita (11:28:11) sailkatu zen hirugarren postuan. (sailkapenak)

• De La Horra txapeldunorde Gasteizen
Manuel Iradier txangolari elkarteak eta Vital fundazioak antolatutako Gasteizko Mendiak proba jokatu zuten atzo (ekainak 10). Fondo handiko lasterketaren XI. edizioan parte hartzeko 1.122 pertsonak eman zuten izena. Uribarri-Jauregitik abiatu ziren partaideak eta 62 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten korrikalariek Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendiz, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel tontorretatik pasatuz. Gailurren altuera xumea bada ere, metatzen den desnibela 5.816 metrokoa da. Atzo egin zuen 31 gradutako beroak are gehiago zaildu zuen antxintxikarien ibilia.

Lizarpe taldeko Gorka de La Horra elgoibartarra lasterketa buruan joan zen probako zenbait unetan eta bigarren postuan sartu zen helmugan amaieran, 06:16:22ko denbora eginda. De La Horrak hirugarren egin zuen Iokin Garairekin batera gurutzatu zuen helmuga marra, kiroltasun erakustaldian. Epaileek elgoibartarrari eman zioten bigarren postua. Xabier Alzola Beltran de Heredia izan zen guztietan azkarrena, 06:02:24ko denborarekin. (sailkapenak)

 gasteizko mendiak delahorra diario noticias

gasteizko mendiak delahorra