Euskal Herriko arku tiraketa txapelketa egingo dute zapatuan Mintxetan

Barren.eus 2017ko eka. 7a, 12:15

Elgoibarko Zarta Arkulari Taldeak eta Gipuzkoako federazioak antolatuta, Euskal Herriko Arku Tiraketa Txapelketa jokatuko dute zapatu honetan, hilaren 10ean, Mintxetako igerilekuen ondoko zelaian.

Arku tradizionalen eta biluzuen Euskal Herriko Txapelketa izango da Elgoibarren jokatuko dutena. Zehatz esanda, arku instintiboek, Longbow erakoek eta arku biluziek parte hartuko dute. Aire Zabaleko Arku Tradizionalaren araudia, Espainiako Federazioarena, erabiliko dute txapelketan. Dianak 80 eta 40 zentimetrokoak izango dira eta jaurtitzailearengandik 18 eta 30 metrora egongo dira. Kalifikazio txanda bat egingo dute lehenik eta kanporaketak gero.

• Igerilekuen ondoko zelaian
Zartakoek 60 parte hartzailetik gora espero dituzte. Mintxetako futbol zelaian egin nahi zuten txapelketa, baina, belar artifiziala aldatzeko lanetan ari direla-eta igerilekuen gainaldean dagoen berdegunean egingo dute txapelketa. 14:30ean hasiko da.

arku tiraketa zarta kartela elgoibar