Senior mailako Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zuten Durangon asteburuan. Martin Hernandez jubenil mailako antxitxikaria den arren -16 urte dauzka- nagusiekin batera lehiatu zen 800 metroko proban, eta garaipenetik bi ehunekora, sudur baten aldea helmugako argazkian, gelditu zen.
Martinek eraman zuen lasterketaren pisua irteeratik eta lehen postuan egin zuen lehen kilometro erdia. Laupabost aurkarik pasa zuten une horretan eta dominen borrokatik kanpo geldituko zela zirudien azken bihurgunea hartu zutenean. Azken esprintean aurkariak pasatzen hasi zen ordea, eta garaipena ere eskura izan zuen. Txindoki taldeko Adel Ben Miloud Iztueta saltakariak irabazi zuen proba minutu bat 56 segundu eta 18 ehuneko denborarekin. Martin Hernandezek bi ehuneko gehiago egin zituen (01:56:20) eta segundo batean ondu zuen bere marka pertsonala (ikus bere markak). Hain zuzen ere, horixe zen bere helburua.
• Espainiako Txapelketa Getafen
Ekainaren 24an eta 25ean Getafen (Madril, Espainia) jokatuko den jubenil mailako aire libreko Espainiako Atletismo Txapelketan parte hartzea da Hernandezen denboraldiko helburu nagusietako bat eta proba hori prestatzeko asmoz joan zen Durangora, distantzia horretako proba gutxi korritu baititu orain arte. Espainiako Txapelketan 400 metroko eta 1.500 metroko lasterketetan lehiatu ahal izateko gutxieneko markak ditu Mintxeta atletismo taldeko saltakariak, baina 800 metrokoan bakarrik parte hartzea erabaki du.