Elgoibarko 38 kilometroko mendi martxan kirolari profesionalak izan zituzten bidelagun: Iñigo Lariz, Maite Maiora, Itziar Gurratxaga edota Edu Uribe, besteak beste. Baita herritarrak eta denetariko taldeak ere: Txitxibilaldi, Korrikedada egitasmoa, 60+ programa, Morkaiko Mendi Taldea, 2-dean B-rotuz errefuxiatuei laguntzeko taldea, etab.
Gotzon Arrietaren erronka pertsonalak ere tartea izango du saioan: minbizia gainditu ondoren, 38 kilometroko proba osorik egiten saiatuko da Gotzon. Hari laguntzeko, familiak ezustekoa emango dio.
Irati Anda, berriz, herria ezagutzen ibiliko da: bai gunea eta bai inguruak ere. Zeregin horretan, arroila jaitsiera egingo du, baserri bat bisitatuko du, Ernesto Ezpeleta aizkolariak egurra mozten irakatsiko dio eta sevillanak dantzatzen ere ikasiko du.
Programak amaiera hunkigarria izango duela jakinarazi dute, Haritz Dantza taldeak eta Elgoibarko herri osoak emandako “berotasunaren” babesean. Eguen honetan eskainiko dute ETB1en, 22:15ean.
Gailurra saioko talde guztiaren partez eskerrak eman nahi dizkiote programan parte hartu eta lagundu duten guztiei, eta barkamena eskatu dute izandako atzerapenagatik.