Zumarragako Hiria Sari Nagusia probaren zazpigarren edizioa antolatu zuen domekan Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailak. 87 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten parte hartzaileek, hirugarren mailako bi mendate -Atagoti 54. kilometroan eta Eitza 84. kilometroan- eta bigarren mailako Gabiriako mendatea izanik ibilbideko zailtasun nagusiak.
Goiz hasi zen borroka tropelean eta hamabigarren kilometroan osatu zen eguneko ihesaldi garrantzitsuena. Hamabost laguneko taldeak egin zuen ihes tropeletik, tartean Eibartrans-Gobike taldeko hiru txirrindularik: Mikel Sarasola, Iker Trokolo eta Iban Gonzalez. Iheslariak ondo konpondu ziren elkarrekin eta bi minututik gorako aldea izatera iritsi ziren. Gabiriako mendatea igotzean, baina, tropelarekiko tartea handitzeko lan egin zuten txirrindulariek eginiko ahalegina ordaindu eta atzean geratu ziren banan banan. Hala, bost laguneko taldetxoa ailegatu zen Zumarragako helmugaraino. Iban Gonzalez elgoibartarrak bigarren egin zuen eta bere mailako (Master 30) lehen sailkatua izan zen. Ramon Garcia elgoibartarrak lortu zuen 12. postua ere nabarmendu behar da, lepauztaia hautsi eta gero, lau hilabetez geldik egon ostean itzuli baitzen lehiara.