Nerea Sasiain eta Martin Hernandez atletak Euskadiko txapeldun

Barren.eus 2017ko mai. 30a, 17:49

Jubenil eta junior mailako Aire Libreko Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zuten asteburuan Durangoko Landako pistetan. Mintxeta Atletismo Taldeko kideak maila onean aritu ziren eta Nerea Sasiainek eta Martin Hernandezek urrezko domina bana lortu zuten, 400 metroko proban lehenak eta 800 metroko lasterketan bigarrenak.

Pista estaliko Gipuzkoako atletismo txapelketan 400 metroko probak irabazi zituzten Nerea Sasiainek eta Martin Hernandezek, joan den otsailean. Oraingoan ere podiumaren gorenera igo dira, baina junior eta jubenil mailako Euskadiko Txapelketan. Nerea Sasiain izan zen azkarrena 400 metroko proban. Mintxeta taldeko antxitxikariak 57 segundu eta zazpi ehuneko behar izan zituen Landako pistari itzuli bat emateko. Durango Kirol Taldeko Ainara Mugartegik egin zuen bigarren (58.5) eta Atletico San Sebastian taldeko Laura Sanchez (01:00.8) sailkatu zen hirugarren postuan. Esan beharra dago, Nerea Sasiainek 200 metroko abiadura proban ere parte hartu zuela. Finalerdietako seriea irabazi ostean, finalerako sailkatu bazen ere, deskalifikatu egin zuten finalean.

• Martin Hernandez azkarrena 800 metrotan
Martin Hernandezek 800 metroko lasterketan parte hartu zuen oraingoan eta bera izan zen irabazlea, ehuneko gutxi batzuen aldearekin izan bazen ere. Hernandezek irteeratik hartu zuen probaren agintea eta berak ezarri zuen erritmoa. Minutu bat, 57 segundu eta 37 ehuneko denboran osatu zituen bi itzuliak. Super Amara Bat taldeko Iñigo Cillero ailegatu zen bigarren postuan, 01:57.94ko denbora eginda. Sendoa taldeko Martin Gonzalez-Vara sailkatu zen hirugarren, 01:59.51ko denborarekin. Mintxetako kide Markel Zabalak ere korritu zuen proba hori eta 12. postuan sailkatu zen (02:13.69).
Mintxetako gainerako atletei dagokionez, Johan Sebastianek eta Ander Armendiak 200 metroko lasterketako finalerdietan parte hartu zuten, finalerako sailkatzerik lortu ez arren. Sebastianek 24.18ko denboran korritu zuen bere seriea eta 24.52an Armendiak. Atleta honek 400 metroko proban ere parte hartu zuen, eta bere marka pertsonaletik oso gertu gelditu zen, 54.15 denbora eginda. Iosu Sanchezek 100 metroko proban parte hartu zuen eta 12 segundu eta 45 ehunekotan osatu zuen esprinta. Distantzia luzeagoko lasterketan lehiatu ziren Iñaki Beasain eta Aner Gallastegi, 1.500 metroko proban, hain zuzen ere. Beasainek 04:44.39ko denboran egin zuen eta Gallastegik 04:51.05. (sailkapenak)