Alcorta Forging Group taldeak titulu batekin agurtu du aurtengo denboraldia. Gipuzkoako Kopako finala jokatu zuten joan den barixakuan Donostian, Egia taldearen aurka. Elgoibartarrek 28-30 irabazi zioten finala donostiarrei. Sanlotik jakinarazi dutenez, Gojko Vucinic-ek entrenatutako jokalariek lan handia egin behar izan zuten defentsan eta erasoan izan zituzten aukerak ondo baliatu zituzten. Bero sargoriak baldintzatu zuen partida eta jokalarien ahalegina neurtu eta banatzeko asmotan gazteenei minutuak eta ardurak eman zizkien Vucinicek. Ondo erantzun zuten gazteek eta erreleboa badagoela laga zuten agerian. Jokalari beteranoenek ere eman zuten eskatzen zitzaiena, eta unerik kritikoenetan patxadaz jokatzen asmatu zuten.
• Laukok finala Donostian
Senior gizonezkoek lortu duten titulua, Gipuzkoako Kopa, eskuratzeko aukera izango du datorren asteburuan Laukok. Senior emakumezkoen taldea ere finalera ailegatu baita. Bera-Bera taldearen aurka jokatuko du finala Donostian, zapatuan (ekainak 3), 17:30ean. Sanlok jokalarien autobusean joateko aukera emango die zaleei. Autobusa Txarridunako biribilgunetik irtengo da 15:30ean, eta autobusa bete arte lekua egingo dietela zaleei jakinarazi du eskubaloi taldeak.