Datorren denboraldian Gipuzkoako Lehen Mailan arituko da Viento Sur saskibaloi taldea. Elgoibarko Olaizaga Kiroldegian jokatu dute Lehen Mailara igotzeko Lauko Finala. Atzo, finalerdietan, Viento Surrek 59-50 irabazi zion Alde zaharra B taldeari eta Andoaingo Ganbarak 69-75 irabazi zion Urtretxuko Goierri Quaker taldeari.
• Viento Sur vs Ganbara finalean
Andoiandarrek eta elgoibartarrek jokatu dute gaur eguerdian finala. Lehen zati bikaina egin dute etxekoek eta 46-29ko emaitzarekin ailegatu dira atsedenaldi luzera. Jokatzen ari ziren moduan bazirudien 17 puntuko aldea nahikoa izan zitekeela, eta are gehiago, hirugarren laurdenean etxekoak hirukoak bata bestearen atzetik sartzen hasi direnean. Guztira hamalau hiruko sartu dituzte elgoibartarrek partida osoan. Ganbarakoek, baina, ez dute amore eman eta kanpotik gehiegi asmatu ez duten arren, uztai azpiko saskiratze erraz asko lortu dituzte, markagailuan gerturatzeko erakutsi duten gogo eta kemenari esker. Laugarren laurdenean, hamar puntuko aldea maneiatu du Viento Surrek, baina bi minuturen faltan lau puntura gerturatu dira Ganbarakoak, eta Andoiandik etorritako zale zaratatsuek hauspotuta, izan dute gehiago hurbiltzeko aukerarik ere. Elgoibartarrek, baina, hiruko garrantzitsu bat sartu dute azken txanpan eta jaurtiketa libreen marratik ere fin aritu dira. 83-76 izan da azken emaitza.