Maite Maiora eta Iñigo Lariz igoera bertikalen Espainiako Txapeldun

Barren.eus 2017ko mai. 21a, 14:46

Arredondoko kilometro bertikala jokatu dute gaur Kantabrian. Igoera bertikalen Espainiako txapelketa ere bazen proba eta Iñigo Lariz izan da irabazlea gizonezkoetan eta Maite Maiora emakumezkoetan.

Garaipen handia lortu dute, beste behin ere, Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Maite Maiora mendaroarrak. Espainiako mendizale federazioak (FEDME) antolatzen duen Igoera bertikalen Espainiako Txapelketa irabazi dute batak zein besteak, gaur Arredondoko seigarren kilometro bertikala irabazita.

Kantabriako Arredondo herriko udaletxe aurretik irten dira parte hartzaileak, eta erlojuaren kontra aritu dira bakarka. 2,7 kilometroko ibilbidean, batez beste %19ko malda zuen aldapa igo dute Mosquiteru (1.213 m.) mendiaren tontorreraino. Gizonezkoetan Iñigo Lariz izan da azkarrena. Lizarpe taldeko saltakariak 35 minutu eta 14 segundoan osatu du igoera. Kataluniako selekzioko ordezkari Pere Rullanek egin du bigarren, Larizengandik 58 segundora eta Mikel Beunza nafarra sailkatu da hirugarren postuan. Emakumezkoetan, berriz, iaz Fuente Den lortu zuen tituluari eutsi dio Maite Maiorak. 41 minutu eta 18 segundoan egin du igoera. Bi minutu eta sei segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Maria Zorrozari. Virginia Perez Mesonero sailkatu da hirugarren eta Ainhoa Lendinez elgoibartarrak eskuratu du laugarren postua. (ikus sailkapenak)

• Igoera bertikalen Europako Txapelketa, Italian
Espainiako txapelketa irabazita, igoera bertikalen Europako Txapelketarako zuzenean hautatuak izateko aukera eskuratu dute Larizek zein Maiorak. Aurtengo Europako Txapelketa Italian jokatuko da urriaren 13an. Greste de la Mughera kilometro bertikala hain zuzen ere, Limone Sul Garda herrian. Maiorari oroitzapen onak ekarriko dizkion herria da, Sky Running World Series txapelketako proba bat irabazi baitzuen bertan 2014an, eta 2015ean ere hirugarren egin zuen Limone Extreme Race kilometro bertikalean, igoera bertikalen Munduko Kopan.

∞ Lotura duten albisteak:

iigolariz arredondo trailcyl

maite maiora arredondo fotoiosu

arredondo km v maiora lariz traylcil

arredondo ainhoa lendinez