Viento Sur saskibaloi taldeak hirugarren postuan amaitu du Liga txapelketako fase erregularra, Gipuzkoako Txapelketako bigarren mailan. Zuzenean igoera lortzeko atarian gelditu ziren elgoibartarrak, sailkapeneko lehen bi taldeak lortu baitzuten sari hori: Azkune eta Zast Zarautz taldeek, hain zuzen ere. Zarauztarrengandik puntu bakarrera gelditu da Viento Sur, hogei partida irabazi eta sei galduta. (ikus sailkapena)
• Lauko Finala Elgoibarren
Hirugarrengotik seigarren postura sailkatu diren lau taldeak igoera fasea jokatzen ari dira asteburu honetan Elgoibarren. Viento Surrek seigarren sailkatuaren aurka, Alde Zaharra taldearen aurka, jokatu du Lauko Finaleko lehen finalerdia eta 59-50 gailendu dira. Defentsan oinarritutako garaipena izan dela nabarmendu du elgoibartarren entrenatzaile Asier Muruak, eta lehen laurden "zoragarrian" hartu duten aldea ere funtsezkoa izan dela gaineratu du. 26-13ko emaitzarekin amaitu da lehen laurdena eta lau hiruko sartu ditu Viento Surrek -Partida osoan sei sartu dituzte-. "Gure indarguneetako bat da. Hirukoak sartzeko gai dira gure jokalari guztiak, baita pibotak ere". Atsedenaldi luzera 18 puntuko aldearekin (37-19) ailegatu da etxeko taldea. Bigarren zatian, baina, gehiago kosta zaie puntuak sartzea eta lehen zatian lortutako aldeari eta defentsari esker eutsi diote markagailuko abantailari."Ligako hirugarren defentsa onena daukagu, batez beste 50 puntu bakarrik egiten dizkigute-eta. Erasoan, aldiz laugarren talde onena garela diote estatistikek, eta batez beste 60 puntu sartzen ditugula", azaldu du Muruak. Zenbakiek arrazoi eman diote gaur, 59-50 emaitzarekin amaitu baita partida.
Lauko Finaleko bigarren finalerdia jokatu dute gero Andoiango Gangara eta Urretxuko Goierri Quaker taldeek. Andoaindarrek irabazi dute partida, 69-75eko emaitzarekin. Hortaz, Ganbara SKT taldeak eta Viento Surrek jokatuko dute domekan (maiatzak 21) Lauko Finaleko finala, Olaizaga kiroldegian, 12:00etatik aurrera.
Irabazleak igoera lortuko du saritzat.