C.D. Elgoibarrek Udalaren errekonozimendua jaso du

Barren.eus 2017ko mai. 20a, 12:37

C.D. Elgoibarrek ehun urte bete zituen joan den martxoaren 3an, baina egun horretarako prestatu zituzten ospakizunak bertan behera gelditu ziren Iker Jausororen eta Joseba Zinkunegiren heriotza eta dolua zirela-eta. Atzo egin zituzten mendeurren egunerako prestatutako ospakizunak.

C.D. Elgoibarreko Futbol Eskolan diharduten neska-mutilak Kalegoen Plazan, Aita Agirre plazan eta Lekueder parkean aritu ziren futbolean barixaku arratsaldean. Futbola herritarrei gerturatzeko helburuarekin antolatu zuen ekimena futbol taldeak. Gaztetxoen erakustaldia amaitu ostean, Elgoibarko Udalaren errekonozimendua jaso zuen C.D. Elgoibarrek.
Udal agintariek C.D. Elgoibarreko ordezkariak agurtu zituzten lehenik udaletxe atarian, eta futbol taldearen omenezko aurreskua dantzatu zuten gero Haritz dantza taldeko dantzariek, Udal Txistulari Taldearen laguntzaz. C.D. Elgoibarreko gaur egungo zuzendaritza taldeko ordezkariez gainera, klubeko presidente izandako hainbat lagunek ere hartu zuten parte ekitaldi instituzionalean, eta baita C.D. Elgoibarren Mendeurreneko Batzordeko kideek eta Foru Aldundiko ordezkariek ere. Denak batera udaletxeko pleno aretora igo ziren.

• Aitzindaria
Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mugicak hartu zuen hitza eta Udalaren izenean eskerrak eman zizkion C.D. Elgoibar osatu duten lagunei, "urte guzti hauetan herriari eskaini dioten biziagatik". C.D. Elgoibar balioetan hezteko eskolarik onena eta prebentziorako programarik onena izan dela esan zuen, 70ko hamarkada erdialdean drogak herriko gazteengan eragin zituen kalteak gogoan. Elgoibarko alkate Ane Beitiak hartu zuen hitza gero, eta ehun urte bete izanagatik zorionak eman zizkion klubari, eta nabarmendu zuen Euskal Herrian ez direla asko izango 100 urte bete dituzten kirol-elkarteak. Era berean, C.D. Elgoibar gaur egun Elgoibarren dauden 19 kirol-elkarteen aitzindaria dela azaldu zuen, futbolaz gainera, atletismoa, txirrindularitza eta beste zenbait kiroletako elkarteak C.D. Elgoibarrek "ereindako hazitik" irten zirela gogora ekarriz.
Ekitaldiaren amaieran, orain gutxi zendu den Jose Inazio Sarasuak eta bere anaia Jesus Marik, "gaurkoa bezalako ekitaldiak antolatzen" eginiko lana aitortu zien Ane Beitiak. Errekonozimendu ekitaldia luntx batekin amaitu zen. Aterri taldeak Kalegoen plazan eskaini zuen berbena hasi zen gero.

omenaldi cd elgoibar udala

 omenaldi cd elgoibar udala aurreskua

omenaldi cd elgoibar udala plenoan

 omenaldi cd elgoibar udala oroigarria

futbol eskola kalera cd elgoibar plazatxikia

futbol eskola kalera cd elgoibar plazatx

 futbol eskola kalera cd elgoibar plazan

futbol eskola kalera cd elgoibar

Lotura duten albisteak: