Eli Ibarrak malko artean esan zuen agur

Barren.eus 2017ko mai. 19a, 21:03

Eli Ibarrak sasoiaren amaieran Athletic lagako zuela aurreratu zuen, eta eguenean Lezaman eskaini zuen agurreko prentsaurreko hunkigarria izan zen. Ez zuen bakarrik eman. Berak moduan Emakumezkoen Athleticen arrasto sakona laga duten Iraia Iturregi eta Irune Murua izan zituen alboan.

Athleticen historiaren parte garrantzitsu izan diren hiru jokalarik esango dute agur sasoiaren amaieran. Horietako bat da Eli Ibarra elgoibartarra. Hamabost denboralditan, emakumezkoen taldearen sorreratik, 412 partida jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin. Ez dago berak beste partida jokatu duen emakumezko jokalaririk.
Hiru jokalariek erretiroa hartuko dutela adierazi zuten publikoki Lezaman eskaini zuten prentsaurreko agerraldian. Elik eta Iraiak ohar bana irakurri zuten beren 15 urteko ibilbide zuri-gorria laburbilduz eta emozioak ez zion berba egiteko aukerarik eman Iruneri. Eli Ibarrak ere ezin izan zion emozioari eutsi eta malko artean esan zion agur Athletici. (ikus agerraldiko bideoa eitb.eus-en)

Kostata irakurri zuen prestatuta zeukan idatzia. Horretan aitortu zuen "une tristea" dela, eta "horren beldur" zela aspaldi, baina azken urteetan lesioek makina bat buruhauste eragin dizkiotela, eta horrek eragina izan duela bere jardunean. "Sasoi gogorra izan da hau, ia ez dudalako jokatu". Hala ere, "harro" azaldu zen Athleticekin "dena" bizi izanaz: "tituluak irabazi ditut, eta eta San Mames bete batean jokatu dut. Hori guztia eginez txikitakoa ametsa bete dut".

 

eli ibarra athletic elgoibar negarrez

eli ibarra athletic elgoibar manteoa