Futbol partidak kalean, omenaldia eta berbena, C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira

Barren.eus 2017ko mai. 19a, 11:44

C.D. Elgoibarren mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur. Hasteko, Futbol Eskola kalera aterako dute. Gero, Elgoibarko Udalak omenaldia eskainiko dio klubari; eta, bukatzeko berbena eskainiko du Aterri taldeak Kalegoen plazan.

Futbola herritarrei gerturatzeko helburuarekin, Futbol Eskolako umeen arteko partidak antolatu dituzte Kalegoen Plazan, Plaza Txikian eta Lekuederreko kantxan, 18:00etatik aurrera. Elgoibarko Udalak ere omenaldia eskainiko dio C.D. Elgoibarri. Haritz Euskal Dantzari Taldeko dantzariek eta Udal Txistulari Bandak egingo diete harrera futbol taldeko arduradunei, 19:30ean, udaletxeko arkupeetan eta pleno aretora igoko dira gero. Udaleko arduradunek oroigarria emango diete C.D. Elgoibarreko arduradunei.
• Berbena Aterri taldearekin
Ekitaldi istituzionalaren ostean hasiko da Aterri musika taldeak eskainiko duen emanaldia, 20:00etan, Kalegoen Plazan. Aterriko Gabriel Agirregomezkortak eta Alfonso Guillók 1969ko urriaren 18an jo zuten estreinakoz jendaurrean, Expresión Sonora izenarekin, Luis M. Arakistain zenarekin eta Patxi Garziarekin batera, C.D Elgoibarrek antolatu zuen berbena batean. Hainbat aldiz jo zuten futbol taldeak antolatutako berbenetan. Hori dela eta, C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira antolatutako kontzertua eskaintzeko aukera “ohore bat” izango dela azaldu dute. Elgoibarko eta Eibarko lau musikarik osatzen dute Aterri: Iñaki Loresek (perkusio latinoa eta estandarra), Alfonso Guillók (kontrabaxua), Isabel Laspiur (pianoa) eta Gabi Agirregomezkortak (gitarra elektrikoa). Hona Aterri taldeak eskainitako emanaldi baten bideoa:

 

Lotura duten albisteak: