Kategoria bakoitzeko eskubaloi jokalari onenak, neskak eta mutilak, aukeratu nahi ditu Euskadiko Eskubaloi Federazioak, hasi infantiletatik eta seniorretara. Federazioak berak izendatu ditu lau jokalari kategoria bakoitzeko eta boto gehien jasotzen duen jokalariarentzat izango da saria. Euskadiko Eskubaloi Federazioaren webgunean, honako loturan, gogoko jokalariaren aldeko botoa: www.fvascabm.com
Jubenil nesken mailan, June Loidi elgoibartarra da izendatutako lau jokalarietako bat. Sanloko Tecnifuelle taldean jokatzen du Loidik ezker hegaleko postuan eta denboraldi aparta egiten ari da bai bere taldean eta baita selekzioekin ere, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako selekzioen deialdietan ohikoa baita.
Beste horrenbeste esan daiteke Asier Urainetaz ere. Jubenil mutilen kategorian dago izendatua Urain. Sanloko Beristain banaketak taldeko jokalaria da eta Euskadiko Txapelketako Lauko Finala jokatzera ailegatu dira aurten. Loidik moduan, Urainek ere jaso du Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako eskubaloi selekzioen deia.
• Tecnifuellek Elgoibarren jokatuko du Gipuzkoako Kopako Finala
Sanloko Tecnifuelle jubenil nesken taldeak Gipuzkoako Kopako finala jokatuko du zapatuan (maiatzak 20), Olaizaga kiroldegian. Donostiako Bera-Bera taldea izango dute aurkari, 12:00etan hasiko den partidan. Aparta izan den denboraldia borobiltzeko aukera izango du Tecnifuellek, beste behin ere, zaleen aurrean. Izan ere, Euskadiko Txapelketako Lauko Finala eta Espainiako Txapelketako bigarren faseko Lauko Finala jokatu ditu denboraldi honetan Olaizaga kiroldegian.
• Laugarren postua Murgilentzat
Infantil mutilen Murgil taldeak Gipuzkoako Txapelketako finalerdia jokatu zuen, joan den zapatuan, Zarautzen. Amenabar A ZKE taldearen aurkako partidan 28-19 galdu zuten elgoibartarrek. Domekan, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuen Murgilek Zarauzko beste talde baten aurka, Amenabar B ZKE taldearen aurka, hain justu ere. Partida hori ere galdu egin zuten elgoibartarrek, 30-23ko emaitzarekin.