Eli Ibarrak Athletic lagako du, hamabost denboraldiren ostean

Barren.eus 2017ko mai. 17a, 09:34

Athleticen zein emakumeen futbolean erreferentea den Eli Ibarrak hurrengo denboraldian ez duela Athletic Cluben jarraituko jakinarazi du. Emakumezkoen Athletic taldearekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da Ibarra, eta hirugarren goleatzaile onena ere bai.

Athletic Clubeko hiru leiendak talde txuri-gorria lagako dutela iragarri dute. Eli Ibarra, Iraia Iturregi eta Irune Murua emakumezkoen lehen taldeko jokalariek ez dute segituko Athletic Cluben hurrengo denboraldian. Hiru jokalariek, Josu Urrutia presidentearekin batera, erabakiaren berri emateko agerraldia egingo dute Lezamako prentsa aretoan eguenean, maiatzaren 18an, 16:30etatik aurrera.
Eli Ibarrak 2002an egin zuen debuta emakumezkoen Athletic taldearekin, taldea sortu zuten urtean, hain justu ere. Harrezgero, sekulako palmaresa osatu du. Hamabost denboralditan 412 partida jokatu ditu. Bera da Bilboko taldearekin partida gehien jokatu dituen emakumea. Erdilari elgoibartarrak eginiko lana funtsezkoa izan da gainera, taldeak irabazi dituen Espainiako bost Ligetan, azkena 2015-2016 denboraldian. Taldearen historian hirugarren goleatzailerik onena ere izan da, 111 gol sartuta.

Klubaren historian lekua egitea lortu duela-eta, zaletu batzuek Lezama 2 futbol zelaiari Eli Ibarra izena jartzearen aldeko sinadura kanpaina hasi dute Change.org plataforman.

Azken Liga txapelketa irabazi ostean, iaz, elkarrizketa eskaini zion Eli Ibarrak BARREN aldizkariari (996. zenbakia 2016-06-10 -PDF-)

 eli ibarra javier odriozola

 Lotura duten albisteak: