Haundi animatzera Irunera joateko doako autobusa antolatu du C.D Elgoibarrek

Barren.eus 2017ko mai. 16a, 14:04

Datorren domekan, hilaren 21ean, Haundi futbol taldeak Real Unionen aurka jokatuko Irungo Gal futbol zelaian, 17:00etan. Partida horretara joan eta taldea animatzeko, klubak bidaia prestatu du. Zallentzako doako autobusa jarriko dute. 15:15ean irtengo da autobusa Txarriduna Hotelaren paretik. Interesa duten zaleek, Jai-Alai eta Kaia tabernan eman behar dute izena eta autobuserako txartela jaso. Izena emateko eta ticketak jasotzeko azken eguna eguena, maiatzak 18, izango da.

• Azken bi jardunaldiak
Ohorezko erregional mailako azkenaurreko jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Mailari eusteko partida erabakigarria jokatuko zuen Haundik joan den zapatuan, Mintxetan, Zarautzen kontra, baina hutsnako berdinketarekin amaitu zen partida, eta lortutako puntua ez da nahikoa izan jaitsiera postuetatik aldentzeko. Atzetik hasita laugarren postuan sailkatuta dago Haundi, 37 punturekin, eta bi puntura du Touring, 39 punturekin. Azken hiru sailkatuak jaitsiko dira mailaz, eta aukera handiak daude atzetik hasita laugarrenak ere maila galtzeko. Hori dela-eta garrantzi handikoak izan daitezke Real Unionen aurka jokoan dauden puntuak. Izan ere, azken jardunaldian lidergoa dagoen Anaitasunaren bisita jasoko dute elgoibartarrek Mintxetan. Azkoitiarrek ziurtatu gabe dute lehen postua, puntu bakarrera baitute Hernani. (ikus sailkapena)