Garaipena eta errekorra Maite Maiorarentzat Aiako Harria mendi lasterketan

Barren.eus 2017ko mai. 15a, 14:02

Erlaitz Aiako Harriak 22,5 kilometroko mendi lasterketa jokatu zuten domekan Irunen, eta Maite Maiora mendaroarra izan zen azkarrena emakumezkoetan. Maiatzaren 28an jokatuko den Zegama Aizkorri mendi maratoiari begira dituen sentsazioak probatu nahi zituen Maiorak eta ondo ikusi du bere burua.

Erlaitz Aiako Harria Mendi Maratoi Erdia egin zuten Irunen, atzo, zazpigarren aldiz. Aritz Egea izan da gizonezkoetan azkarrena eta Maite Maiora izan zen nagusi emakumezkoetan. Irungo Meaka auzoan hasi zen proba, Ola sagardotegitik abiatuta. Aiako Harria mendirako bidea hartu zuten parte hartzaileek. Mendia zeharkatu ondoren, berriro Meakako Errota Zahar aldapan behera jaitsi ziren ziren, helmugara iristeko. Antxitxikariek 1.300 metroko gorako desnibela egin zuten, 2.700 metroko desnibel metatuarekin. Ibilbidean zehar, 38% eta 42% desnibeleko aldapak igo behar izan zituzten lasterkariek.
Maiorak bi ordu, lau minutu eta segundu bat behar izan zituen 22,5 kilometroak osatzeko, eta bi minutu eta 16 segunduan hobetu zuen probako errekorra. Bost minututik gorako aldea atera zion bigarren egin zuen Oihana Azkorbeitiari (02:09:34). Alizia Olazabal irundarrak egin zuen hirugarren, 02:16:54ko denbora eginda. (sailkapenak kirolprobak.com)

• Zegama-Aizkorriko maratoiaren eguna gorriz borobilduta
Lasterketan sentsazio onak nabaritu zituela adierazi du Maiorak probaren bukaeran, eta asko gozatu zuela. Erlaitzekoa lasterketa traizioneroa izan daitekeela azaldu du saltakari mendaroarrak "Lehen zortzi kilometroak oso azkarrak dira, korrika asko egitekoak, eta gero hasten da karrerako txarrena, Irumugarrietako tontorrera (821 m.) igo behar baita hamalaugarren kilometroan, eta handik beste zortzi kilometro daude helmugaraino, aldapan behera badira ere". Datorren maiatzaren 28an jokatuko den Zegama Aizkorri mendi maratoia buruan, sentzazioen bila joan dela Irunera aitortu du Maiorak. Egutegian gorriz borobil handi bat egina baitio maiatzaren 28ari, Zegamako mendi maratoia jokatuko den egunari.

• Maite Maiorak SD Eibarren babesa jasoko du
S.D. Eibar futbol taldeak eliteko sei kirolari babestuko ditu Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, biek sinatu duten lankidetza hitzarmenaren harira. Kirolgiren bekaren bidez Eibarren laguntza jasoko duten sei kirolariak hauek dira: Markel Alberdi, Ander Romarate, Malen Ruiz de Azua, Pello Osoro, Odei Jainaga eta Maite Maiora mendaroarra. Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok jakinarazi duenez, sei kirolari horiek aukeratzeko arrazoiak dira beren kirol-errendimendu bikaina, Eibarrekoak edo Debabarreneko udalerrietakoak izatea, beren kirol-praktiken aniztasuna eta etorkizunerako espero den proiekzioa. Kirolgiko bekan Eibarretik jasoko duten ekarpen ekonomikoaz gain, klubaren laguntza pertsonal teknikoaren laguntza izango dute, eta Ipurua estadioko instalazioak erabiltzeko aukera.

erlaitz maite maiora fotoiosu