Haundik mailari eusteko partida erabakigarria jokatuko du Mintxetan, zapatuan

Barren.eus 2017ko mai. 11a, 13:31

Mailari eusteko partida erabakigarria jokatuko du Haundik Zarautzen kontra, zapatuan (maiatzak 13), Mintxetan. Zalleen babesa eskatu dute C.D. Elgoibarreko arduradunek.

Ohorezko Erregional mailako sailkapeneko azken laugarren postuan daude elgoibartarrak, liga txapelketa amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Azken hiru sailkatuak jaitsiko dira mailaz, eta aukera handiak daude atzetik hasita laugarrenak ere maila galtzeko. Hori dela eta, Haundirentzat erabakigarria da sailkapenean lau puntu gehiago dituen Zarauzko taldearen aurka jokatuko duten partida. Zapatuan izango da, 16:30ean, Mintxetan.
Haundik zaleen indarra behar duela jakinarazi du C.D. Elgoibarrek eta Mintxetako harmailak betetzeko deia egin die herritarrei. Ligako azken aurreko partida Irunen jokatuko du Haundik, Real Unionen aurka. Partida zaila izango da, bosgarren postuan sailkatuta baitaude irundarrak. Are zailagoa izango da azken jardunaldian Mintxetan jokatu beharko duten partida, une honetan lidergoan dagoen Anaitasuna C.D. taldearen bisita jasoko baitute elgoibartarrek. Horregatik eman diote berebiziko garrantzia zapatu honetako partidari.
Haundi 15. postuan sailkatuta dago, 36 punturekin. Postu bat aurrerago sailkatuta dagoen Beti Gaztek ere 36 puntu ditu eta 37 puntu ditu Hondarribiak, 13. postuan. (ikus sailkapena)

Mailari eustea lortu duena C.D. Elgoibarreko Ohorozko mailan diharduen kadeteen taldea izan da. Joan den asteburuan Beasaini 3-2 irabazi zioten Mintxetan jokatutako partidan eta matematikoki mailari eustea lortu dute.