Mayi Mujikak irabazi du Izazpiko igoera Ezkio-Itsason

Barren.eus 2017ko mai. 9a, 12:14

Izazpiko igoera berreskuratu zuten iaz Ezkio-Itsason, hogeita hamar urteko etenaren ondoren. Aurtengo proban Mayi Mujika elgoibartarra izan da azkarrena emakumezkoetan, eta Aritz Egea urretxuarra gizonezkoetan.

Izazpiko Igoerak 1978an egindako apostu batean du jatorria, eta ondorengo urteetan ere antolatu zituzten lasterketak, Goierriko Hitzan jaso duten moduan. Pello Garinek jarri zuen urte haietan marka. Ezkioko jai batzordeak iaz berreskuratu zuen proba eta Garinek ezarritako marka ontzea zen aurtengo probaren helburua. Aritz Egea urretxuarrak ez zuen askorik falta izan. Garinen markatik hamabost segundora gelditu zen. Egeak 31 minutu eta 44 segundoan osatu zuen 6,3 kilometroko ibilbidea. Beñat Katarainek egin zuen bigarren, irabazlearengandik lau minutura eta Jon Lasa oñatiarra sailkatu zen hirugarren.

• Mayi Mujika bidea eginez mendi lasterketetan

Emakumezkoetan Mayi Mujika Errasti elgoibartarra izan zen azkarrena. 42 minutu eta 21 segundoan osatu zuen igoera. Igone Campos zumarragarrak lortu zuen bigarren postua (45:28) eta Ane Iturria sailkatu zen hirugarren postuan (47:13). (Sailkapen osoa: herrikrosa.eus)

G2 Haundiak 88 kilometroko mendi proba egin zuen iaz Mayi Mujikak eta hura prestatzeko hasi zen parte hartzen distantzia laburragoko mendi probetan. Gustatu egin zitzaizkion eta parte hartzen jarraitu zuen. Eta parte hartzen hastetik emaitza onak eskuratzera ez da denbora asko pasatu. Osintxuko lehen mendi lasterketa irabazi zuen 2016ko urrian eta Kalamuako estraineko jaitsieran ere gailendu zen, urte hasieran. Kalamuako tontorretik Barinagaraino jaitsi ziren parte hartzaileak proba berezi horretan. Mujikak aurten ere badu G2 Haundiak Goierri Trail proba egiteko asmoa. Uztailaren 7an izango da.
Gattiken Produkzioak etxeak egindako honako bideoan ikus dezakezue 2016ko probaren laburpena.

izazpi igoera mayi mujika elgoibar 1