Larrinaga-Intxaurrandieta eta Del Campo-Irastorza bikoteak gailendu dira Debabarreneko hirugarren raidean

Barren.eus 2017ko mai. 6a, 21:04

Debabarreneko hirugarren orientazio raida jokatuko dute gaur 118 lagunek Elgoibarren eta inguruko mendietan. Gizonezkoetan Haitz Larrinagak eta Ianko Inchaurrandietak osatutako Insert Coin taldeak irabazi du proba, eta, emakumezkoetan Ainhoa Del Campo eta Silvia Irastorza (Sagondo Raid) gailendu dira. Iñigo Lariz eta Ion Irazabal elgoibartarrek bosgarren postua eskuratu dute.

 

Abenturetako Raiden Iparraldeko Ligako (LINRA gazteleraz) estreinako proba jokatu dute gaur Elgoibarren, Morkaiko mendi taldeak antolatuta. Gizonezkoetan 44 bikotek amaitu dute Debabarrenako Orientazio Raidaren hirugarren edizioa. Azkarrenak izan ez diren arren, Haitz Larrinagak eta Ianko Intxaurrandietak (Insert Coin) osatutako bikoteak lortu ditu puntu gehien, 92 puntu, eta honenbestez lehen postua. Iazko probako irabazleak, Aaron Garmendia laudiotarra eta Arteako Gaizka Agirre, sailkatu dira gaur bigarren postuan, 06:54:28ko denborarekin eta 89 punturekin. Gorka Otamendi eta Aitor Otamendi (Euskat) sailkatu dira hirugarren postuan.

Proba nagusia 10:00etan hasi da Kalegoen plazan eta ordulaurdenean amaitu dute bikote gehienek lehen sekzioa zena, herri barruko orientazioa, hain zuzen ere. Ondoren, Mintxetan bizikletak hartu, eta mendiko bide aldapatsuetan gora Aittolako parkinerarte ailegatu dira. Tartean, Madariagan, lokotx biltze saio bat eta memorian oinarrituriko beste proba bat egin behar izan dituzte.

Aittolan bizikletak laga, eta raideko hirugarren atalari ekin zioten partehartzaileek. Raideko proba erregina. Xoxote, Erlo, Kakuta eta inguruko baso, zelai eta kresterietan egindako trekking ikusgarria. Xoxoten bertan, eskalada eta norabideetan oinarritutako orientazio proba bat egin dute. Hiru ordu ta erditik gorako ahalegina eta gero, oso bikote gutxik lortu zituzten jokoan zeuden puntu guztiak.

Behin trekking-a amaituta eta Aittolako parkineran berriro bizikletak hartuta, Elgoibarrera bueltatu dira zistu bizian partehartzaile denak, Kalegoen plazan zegoen helmugara ailegatzeko muga 17:00etan jarrita baitzuten antolatzaileek. 

Lariz eta Irazabal bosgarren
Bikote elgoibartarrak ere dezente izan dira eta Iñigo Larizek eta Ion Irazabalek osatutako bikoteak, LRT taldeak, lortu du guztietan sailkapen onena. Bosgarren postuan sailkatu dira 06:52:46ko denborarekin eta 76 punturekin. Alabaina, ezin izan dute iaz lortutako bigarren postua berdindu edo hobetu.
Emakumezkoetan, Ainhoa Del Campok eta Silvia Irastorzak osatutako Sagondo Raid taldea gailendu da. Gizonezkoetan pasa denm moduan, hauek ere ez dira azkarrenak izan (06:56:38), baina bai puntu gehien pilatu dituztenak, 46 guztira. Bigarren egin duten Raquel Vicentek eta Teresa Canetek (Presibane Raid) baino bi puntu gehiago lortu dituztz irabazleek. Izaskun Echeverriak eta Matina Kluhrarovskak osatutako CDN Neskak taldea sailkatu da hirugarren postuan, 06:52:46ko denborarekin eta 35 punturekin.
Bikote mistoei dagokionez, Aralar Kirolak Euskal Raid taldeak irabazi du proba, 06:56:16 denbora eta 93 punturekin. Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendiak osatzen dute taldea. (sailkapenak hemen: debabarrenaraid.wordpress.com)


• Familian egiteko raid arrakastatsua
Familian egiteko raida ere antolatu dute aurten estreinakoz eta 85 lagunek eman dute izena. Guztira 25 talde izan dira lehian aritu direnak. 11:00etan irten dira Lekueder parketik. Tokatu zaien mapa ondo aztertu ondoren, Sallobente-Ermuaran eta Azkue auzoetako hainbat txokotan jarrita zeuden baliza ezberdinen bila aritu dira. Proba bereziak ere egin dituzte Maalan, Arostegi baserrian eta Azkueko ermita ondoko berdegunean. Bi ordu ta erdiko bilaketa, joko, lasterkaldi eta orientazio momentu dibertigarri ugariren ondoren, Lekueder parkera iritsi ziren partehartzaile guztiak.

Morkaiko mendizale taldeak eskerrak eman dizkie bi raidak, nagusiena zein familian egin beharrekoa, antolatzen lagundu dien erakunde eta denda guztiei, eta baita parte hartzaileei ere. 

ARGAZKI BILDUMA: Debabarreneko III. Orientazio Raida

raid elgoibar familia 1

 

raid elgoibar familiak

raid elgoibar mapak

Lotura duten albisteak: