C.D. Elgoibarren ehun urteko historia, argazkitan izoztua

Barren.eus 2017ko mai. 4a, 20:35

C.D. Elgoibarren mendeurrenaren argazki erakusketa inauguratuko dute barixaku arratsaldean (20:00etan). Guztira, 200 argazki eta 65 dokumentu, batu dituzte Kultur Etxeko erakusketa gelan.

C.D. Elgoibarren historia argazki eta egunkari-zati bidez erakusten duen erakusketa maiatzaren 5etik 28ra bitartean egongo dira ikusgai Kultur Etxean, astelehenetik barixakura (18:30-20:30) eta zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara. Bisitariek C.D. Elgoibarren historiako hainbat une esanguratsu eta bitxikeria ezagutzeko aukera izango dute, eta baita ekarpenak egiteko aukera ere. Erakusketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Indalecio Ojanguren eta Azkueren argazkiekin osatu dute erakusketaren zati handiena, baina herritarrek emandako argazkiekin ere osatu dute zati bat eta argazki gehiago ere eskuzabalik hartuko lituzkete, mendeurrenaren harira kirol-taldearen historiari buruzko liburua idazten ari baita Koldo Lizarralde.
• Kronologikoki antolatuta
Kronologikoki antolatu dute erakusketa eta C.D. Elgoibar ofizialki sortu aurrekoa da ikus daitekeen argazki zaharrena, 1915. urtekoa edo zaharragoa antolatzaileen esanetan. Azkue auzoan zegoen Azkube auzoan ageri dira Elgoibar Football Club-eko jokalariak. 1914. urtean irabazi zuten Kopa bat ere ikus daiteke erakusketan. Distrito Bergara Txapelketa irabazi zutenekoa da kopa hori, Aretxabaletako taldearen aurka, hain zuzen ere. 1917. urtean atera zuten argazki ofiziala ere badago erakusketan, Informacion Sportiva kirol egunkarian jaso zuten egunkari-zatian.
Lerungo futbol zelaia inauguratu zutenean, 1925. urtean, beste aro bat hasi zen Elgoibarko futbol taldearentzat eta sasoi hori erakusten duten argazkiak ere batu dituzte. C.D. Elgoibarreko atezain mitiko izandako Tiburcio Beristainen argazkiak eta hari buruz egunkarietan idatzitakoak ere badaude, Euskal selekzioak jokatu zuen estreinako partidako argazkia, esaterako. Vasconia izenarekin jokatu zuen bere historiako lehen partida euskal selekzioak, 1930. urteko ekainaren 8an, eta Beristainek defendatu zuen selekzioaren atea. Espainiako selekzioaren deialdi batean ere sartu zuten Beristain, debutik egin ez zuen arren.
Futbolaz gain, C.D Elgoibarrek bere historian izan dituen beste kirol sekzioetako argazkiak ere jarri dituzte erakusgai, besteak beste, atletismokoak, mendi taldekoak, txirrindularitzakoak eta baita borroka grekoerromatarrekoak ere.
Omenaldia eta bazkaria zapatuan
C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira prestatu dituzten ekintzekin jarraituz, Lehen Mailan jokatzera iritsi diren jokalariak (elgoibartarrak nahiz C.D. Elgoibartik pasatakoak) eta atletismoan nabarmendu zirenak omenduko ditu kirol taldeak zapatu honetan, maiatzaren 6an. C.D Elgoibar eta Real Sociedad taldeetako beteranoen arteko partidarekin hasiko dira ekitaldiak, Mintxetan, 11:30ean. Ordu-erdiko bi zati izango ditu norgehiagokak, eta atsedenaldian omenduko dituzte Lehen Mailan jokatzera iritsi diren jokalariak eta Espainiako Txapelketetan urrezko dominak lortu zituzten atletak. Klubak jakinarazi duenez, omenduetako zazpi lagunek baieztatu diete Mintxetan izango direla eta omendutako 22 lagunen familiako ordezkariak ere izango dira Mintxetan. Beteranoen arteko partidaren ostean, C.D. Elgoibarko jokalari, entrenatzaile, zuzendaritza taldeetako kide ohien, bazkideen eta zaletuentzako bazkari herrikoia egingo dute, 15:00etan, Maalako parkean. 200 lagun inguru batzea espero dute.

 elgoibar arg erakusketa begira

cd elgoibar arg erakusketa begira3

cd elgoibar arg erakusketa begira2

cd elgoibar arg erakusketa mahaia

 cd elgoibar arg erakusketa real madrid

elgoibar arg erakusketa 1915

cd elgoibar arg erakusketa azkuben Lotura duten albisteak: